900 lagun elkartu dira kiroldegian 2009-10-10

Etxahun Lekue nagusitu da Leitzan

Gainerako bertsolariak horrela geratu dira, hurrenez hurren: bigarren Ainhoa Agirreazaldegi, hirugarren Mantxi, laugarren Xabier Sukia, bosgarren Ibon Ajuria eta seigarren Iñigo Olaetxea
  Gaur jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa, Leitzako Udal Kiroldegian. Honela geratu da sailkapena:

 1.- Etxahun Lekue 643 puntu
 2.- Ainhoa Agirreazaldegi 634 puntu
 3.- Iñigo Manzisidor Mantxi 621,5
 4.- Xabier Sukia 604,5 puntu
 5.- Ibon Ajuria 598,5 puntu
 6.- Iñigo Olaetxea 575

 Ondorioz, Etxahun Lekue zuzenean sailkatu da finalerdietarako. Gainerakoek puntuazioen zain egon beharko dute. 900 lagun elkartu dira Leitzako Udal Kiroldegian. Gaiak jartzen Fernando Anbustegi aritu da.

 Saioaren hasieran Mantxi nabarmendu da besteen gainetik. Zortziko handian Xabier Sukiarekin aritu da kantuan. Enpresa bateko akziodun nagusiak ziren biak. Azken aldian hamabi langilek beren buruaz beste egin dute. Mantxik umorea sartu du tartean, eta bizi osatu dute zortziko handikoa.

 Zortziko txikian Ainhoa Agirreazaldegi eta Mantxik egindako lana nabarmendu da. Autoan doazela alkoholemia kontrol batekin egin dute topo. Autotik jaitsi eta disimulatzeko muxuka hasteko proposatu dio Mantxik Ainhoari. Umorez osatu dute ariketa hau.

 Puntu-erantzunetan eta hamarreko txikian behera egin du saioak, beharbada. Dena den, puntu-erantzunetan Etxahun Lekuek koska atera du. Aurreko ariketetan ere erregular eta akatsik egin gabe aritu da, eta puntu batzuk pilatuak ditu kartzelara iritsi aurretik. Dena den, poto bat egin zuen hamarreko txikiko hirugarren bertsoan.

 Honako hau izan da kartzelako gaia: "diru asko eskaini dizute, baina ez zaude prest". Bertsolariek bide ezberdinak hartu dituzte. Ainhoa Agirreazaldegik alkilerreko ama izateko eskaini dioten emakumearen paperetik kantatu du. Ibon Ajuria "Alakrana" itsasontziaren bahitzaile baten rolean sartu da. Etxahun Lekuek kantatu du dirua eskaini diotela bere lagunak sala ditzan. Iñigo Olaetxeak ere poliziak eskaini diola dirua esan du. Xabier Sukiak enpresan finikitoa eskaini dioten langilearen larrutik kantatu du. Iñigo Manzisidor "Mantxi" ere Etxahun eta Iñigoren bidetik joan da, eta lagunak salatzearren dirua eskaini diotela esan du. Etxahun Lekue nabarmendu da ariketa honetan. Gainera, Mantxik poto bat egin du.

 Bertsolariek era guztietako sentsazioekin bukatu dute saioa. Etxahun "gustura" gelditu da: " Ofiziotan brilo handirik gabe, baina bertso txarrik ez dut uste joan denik handian eta txikian. Puntu-erantzunekin gustura geratu naiz; gustatzen zaidan ariketa bat da, batez ere ariketa horretan asmatzen dudanean. Kartzelara apur bat burumakur iritsi naiz. Mantxirekin hamarreko txikian ohartu naiz elkarrizketa naturala izan dela, baina jendeari erreparatu diot azkeneko bertsoaren ondoren, errepasatu dut eta ohartu naiz poto egin dudala. Horregatik ez neukan buruan lehenengo egingo nuenik. Kartzelan gustura geratu naiz hiru bertsoekin, etorri egin zaizkit hasieratik bukaerara. Lehenengo bertsoan hasi naiz nola bukatuko nuen pentsatuta, baina gero nola jarraitu ez. Bertsoa bukatu eta segituan etorri zait bigarrena. Gustatzen zait gai zabal batean istorio bat sortzea, eta gaur uste dut lortu dudala. Gero ez da originalena izan, beste bik antzeko gaia hartu dute. Baina pozik nago."

 Ainhoa Agirreazaldegik honakoa esan du: "Ez da saio brilantea izan baina koherentea bai. Lasai gelditu naiz nire buruarekin, jakinda ez neukala aparteko erronkarik."

 Mantxi ere gustura geratu da bere lanarekin: " Jendea oso bero zegoen hasieratik, agurretan nabaritu dugu berotasun puntu hori. Gero gora-beheratsu joan dira ofizioak baina tarteka asmatu ere egin dugu, eta jendeak horrekin oso ondo erantzun du. Agian puntu-erantzunetan jaitsi egin gara pixka bat eta hamarreko txikian elkarrizketa politak joan dira. Kartzelan besteek egin dutena ez dut jarraitu, baina orokorrean arin joan dela iruditu zait eta jendea gustura egon dela. Nire buruarekin oso gustura geratu naiz. Ofizioka oso arin sentitzen nintzen, ideiekin. Puntuak erantzuten ez dut batere gozatu. Aurreneko puntua ez dut ondo ulertu eta joan egin zait eta kartzelan poto egin dut. Baina, gainerakoan gustura geratu naiz."

 Xabier Sukiak ez omen du gehiegi gozatu saioan zehar. Hasierako bi ariketetan ez duela zorterik izan esan du. Lehendabizikoan Mantxi oso sendo hasi da, eta jokoz-kanpo harrapatu omen du. Zortziko txikian, berriz, gaia dela eta ez dela gaizki-ulertu bat izan du Iñigo Olaetxearekin, eta horrek eraginez kontzentrazioa galdu omen du.

 Gauzak honela, Etxahun Lekuek Bergaran kantatuko du finalaurrekoetan, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbiorekin. Azaroaren 7an izango da saio hori, Bergarako Udal Pilotalekuan, arratsaldeko 17:30etan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri