Honela gelditu da gaurko sailkapena: lehenengo Iñaki Zelaia, bigarren Julio Soto, hirugarren Maddalen Arzallus, laugarren Amaia Agirre, bosgarrenJexux Mari Irazu eta seigarren Asier Otamendi. Arriaga goraino bete da.
Gaur jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketa, Bilboko Arriaga antzokian. Aretoa goraino bete da eta 1 100 lagun inguru elkartu dira bertan. Honela gelditu da sailkapena:
1.- Iñaki Zelaia
2.- Julio Soto
3.- Maddalen Arzallus
4.- Amaia Agirre
5.- Jexux Mari Irazu
6.- Asier Otamendi
Honenbestez, Iñaki Zelaia sailkatu da finalaurrekoetarako. Gasteizko saioan kantatuko du, Unai Iturriagarekin batera. Gainerakoek puntuazioen zain egon beharko dute.
Zortziko handian, agian, berotzen kosta egin zaio saioari. Jexux Mari Irazuk eta Iñaki Zelaiak egindako lana izan da txalotuena. Bertsolari banaren guraso ziren, saioa hasitakoan aretotik atera direnak. Biak elkarri erantzuten aritu dira, eta ofizio polita osatu dute.
Zortziko txikian Maddalen Arzallus eta Jexux Mari Irazu nabarmendu dira. Irazu sukaldaritza eskola batean apuntatu da, eta han Maddalen amona aurkitu du. Hemen ere elkarri erantzuten aritu dira biak, eta publikoak eskertu du.
Puntu-erantzunetan Julio Sotok egin du lanik osoena. Puntua jarri eta berehala erantzun du, abiadura bizian, eta lehendabiziko eta hirugarren puntuen erantzunak nabarmendu dira besteen gainetik.
Hamarreko txikian Amaia Agirrek eta Maddalen Arzallusek osatu dute saiorik osoena. Bikotekidea dira biak. Gaur, ohean "jolasean" hasi eta berehala eman dio bizkarra Amaiak Maddaleni. Hemen ere umorea nagusitu da, eta Amaiak egindako proposamenei erantzuten aritu da Maddalen.
Kartzelako gaiak honela zioen: "denbora daramazu ilunabarrez etxetik irten eta egun argiz itzultzen. Ezin duzu honela jarraitu". Bertsolariek bide ezberdinetatik heldu diote gaiari. Maddalenek amorante bat daukala kantatu du, eta horrek mutil-laguna minduko duela. Julio Sotok penak alkoholetan itotzen dituen pertsonaren roletik abestu du. Maite zuen pertsona bihotzekoak emanda hil izanak sortu dio tristura hori. Asier Otamendik antzeko bidea hautatu du eta penak itotzeko edaten duela esan du berak ere. Bere kasuan, ordea, langabezian geratu izanak sortu dio depresioa. Bide bera hartu du Amaia Agirrek ere, baina bere arazoak drogak sortu dizkio. Iñaki Zelaiak parrandazale baten larrutik abestu du. Jexux Mari Irazuk, azkenik, paperik gabeko etorkina dela esan du.
Kartzelako lanean lan bat baino gehiago apartatu beharko lirateke. Bide originalena, agian, Maddalenek hartutakoa izan da. Julio Sotoren bertsoaldia ere oso ona izan da. Iñaki Zelaiak ere lan ona osatu du, eta bere bigarren eta hirugarren bertsoek txaloaldi handia eragin dute. Jexux Mari Irazuk gaia ez du ondo ulertu, eta horrek eragina izan du puntuazioan.
Honela banatu dira puntuak:
BERTSOLARIAK 8ko handian 8ko txikian Puntua emanda 10eko txikia Kartzela Denera
Asier Otamendi 110 114,5 129,5 119,5 114,5 588
Amaia Agirre 120 120,5 130 140 121 631,5
Julio Soto 122,5 111,5 144 129,5 132 639,5
Maddalen Arzallus 123 125,5 126,5 134 127,5 636,5
Iñaki Zelaia 134,5 120,5 134,5 126 127,5 643
Jexux Mari Irazu 128 119 124 128 100,5 599,5
Saioaren ondoren era guztietako inpresioak agertu dituzte bertsolariek.
Iñaki Zelaia "gustura" zegoen: "Nire saioarekin orokorrean gustura geratu naiz. Hasiera fresko xamarra eman diot; zortziko handian Jexux Mari eta ni oso gustura aritu gara. Hortik aurrera nik uste dut eutsi egin diogula mailari kartzelara arte. Ni kartzelan ez naiz hain sentsazio onekin geratu nahiz eta jendeak orain gustatu zaiola esan. Orokorrean lasai etortzeko helburua geneukan eta itxuraz hala ibili gara."
Julio Sotok bestelako sentsazioak zeuzkan: "Nik uste goia jo dudala bi ariketetan eta beste batean behera-behera erori naizela. Zortziko txikian burua joan zait eta ez nago oso gustura saioarekin, ariketa horrek txapelketatik kanpora uzten bainau. Hala ere beste ariketekin pozik gelditu naiz. Horrelako zortziko txikia eginda arriskatzera joan naiz puntu-erantzunetan. Bakarkakoak ere gustura kantatu ditut."
Maddalen Arzallus ere nahiko pozik zegoen: "Ni saioarekin orokorrean eta nire saioarekin ere gustura geratu naiz. Beti izaten da beldurra egun txarra izango den edo ez den edo nola aterako den saioa. Puntuen erantzunari eta bakarkakoari beldurra nien, eta orokorrean, beti gora-beherak izaten diren arren, gustura geratu naiz. Kartzelakoa da beldurrik handiena ematen didan lana, eta beti joaten naiz nire burua salbatzera ahal dudan bezala. Lasai eseri naiz behintzat, "kakarik ez dugu egin" pentsatuz."
Jexux Mari Irazu saioa bukatutakoan ohartu da kartzelan gaia ez duela ondo ulertu. "Nik uste bertsotan suelto xamar ibili naizela, plazako erara saiatu naiz erregistroetan eta erantzuten. Nahiko gustura aritu naiz. Puntuazioekin deskolokatuta gelditu naiz, puntu gehixeago edo pixka bat goraxeago espero nuen. Kartzelan ikusten da sekulako koska dagoela."