Oier Iurramendi Etxeberria - Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea 2024-01-24
Bertso mundua biltzeko helburuari jarraiki, larunbatean Bertso Eguna izango da Gernika-Lumon, goizean goizetik hasita. Bertso Egunaren formatu ibiltaria abian jarri zenetik seigarren edizioa da aurtengoa eta tokian tokiko bertso eskolekin elkarlanean antolatzen du Bertsozale Elkarteak. Aurten Lilibertsok hartu du beraz lekukoa.
Bertso Egunak hasierako ekitaldia ere bertso eskolen mugarri batean egingo du: Ariatzan, duela 65 urte Garriko bertso eskola biltzen zen tokian bertan.
Bertso Egunaren nondik norakoak jakiteko Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko Sustapen eragilearengana jo du Bertsoa.eus-ek.
Bertso Egunaren formatu berriaren seigarren edizioa izango da aurtengoa, lurralde guztietan barrena ibilita: Mungia, Barañain, Aramaio, Izpura, Azpeitia eta Gernika-Lumo aurten. Sarrera gisa, nola baloratzen du Bertsozale Elkarteak formatu ibiltari berriak ekarri duena?
Balorazio ona egiten du. Kontutan hartu behar da egitasmoak izen berdina mantendu badu ere, garai bateko Bertso Eguna eta gaur egungoak ez dutela zerikusirik. Beraz premisa horretatik baloratu behar da.
Herriz herri mugitzeak dinamika berriak sortzea dakar, eta hori ez genuen lortzen lehengo formatuan adibidez. Euskal Herriko osoko bertso eskola ezberdinak Bertso Egunaren antolakuntzan inplikatzen dira urtero, eta horrek zubi eta harreman berriak eraikitzeko balio du. Herri bakoitzaren aukeren eta interesen araberako egitaraua antolatzeak ere berritasunak ekar ditzake, eta asko aberasten dute Bertso Eguna.
Aurreko formatuaren eta oraingoaren zenbakietan, jende kopuru aldetik-eta bada alde pixka bat… Aukerarik ikusten duzu formatu berriarekin zenbakiak berdintzen joateko…
Bertso Egun ibiltaria egiteak hainbat aldaketa ekarri ditu oinarrian. Hasteko urtero herri berri batean antolatzeak dituen zailtasunak daude, eta bestetik, bertsozalearentzat ez dela urteroko erreferentzialtasun hori bermatzen. Lehen bertsozaleak bazekien urteroko garai berdinean leku berean izango zela. Hori aldatzeak eragina du noski. Gaur egungo helburua edo neurgailua ez da biltzen duen jende kopurua, hala izango balitz beste modu bateko Bertso Eguna antolatuko genuke. Lekuan lekuko eragileei eta beren beharrei eta interesei ematen diegu garrantzia. Elkarlanean antolatu genezakeen dimentsioa duen Bertso Eguna behar dugu.
Tokian tokiko bertso eskolen eskutik antolatzen da orain Bertso Eguna, zentzu horretan, nolako erantzuna jaso duzuen tokian tokiko bertso eskoletan?
Oraingoz oso esperientzia onak izan dira Bertso Egun guztiak. Bertso eskola bakoitzaren gaitasun eta aukeretatik abiatuta egin dira proposamenak, eta erantzuna bikaina izan da. Gehienetan gainera ez da bertso eskola izan inplikatu den eragile bakarra. Herriko beste hainbat mugimendu ere batu izan dira Bertso Egunera.
Aurten Gernika-Lumon izango da eta eskualdeko Garriko bertso eskola hark aitortza berezia jasoko du…
Bertso eskolak izango dira aurten ere Bertso Egunaren ardatz. Kontutan hartuta duela 65 urte Garriko bertso eskola izan zela sortzen lehena, Bertso Egunari hasiera beraiekin emateari garrantzia eman nahi izan diogu. Hortik abiatuta etorriko da ondoren bertso eskolen bertsoaldiek girotuko duten poteoa, baina hasiera Muxikako Ariatzan emango diogu, bertso eskola sortu zen lekuan bertan.
Zer mezu helaraziko zenioke bertsozaleei Bertso Egunera joateko?
Bertsozaleari ezer gutxi argituko diogu Bertso Egunaren inguruan. Urtero bezala bertsozale, bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile eta abar luze baten elkargune izatea nahi genuke. Beraz animatu daitezela eta hori bai, txartela lehenbailehen har dezatela!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24