Garazi Mendoza Agirre - Zutabea 2024-01-31

«Basatzan aurkitu nuen nire lekua»

«Basatzan aurkitu nuen nire lekua»

Garazi Mendoza Agirre

Urteak, bizitzako etapa batzuk (baita psikoterapia saio pare bat ere) pasa behar izan dira bertso munduan nire habia topatu dudan arte. Umetan bertso-eskolan hasita, hezkuntza arautuan hala behartu aurretik, eroso sentitu behar nuen mundu bat omen zen bertsolaritzarena. Baina ez nuen lortzen guztiz neurea izatea. Izan ere, modu militante batean bertsozalea izan arren, dena delakoagatik oholtzara ausartzen ez diren askok bezala, nire burua mundu horretatik kanpo sentitu nuen.

Baina, zorionez, nerabezaroa joatearekin batera gure burua gehiago maitatzeko  gai izaten gara, iruzurtiaren sindromea apaldu eta maite dugunaz, garen horretaz, inguratzeko. Konturatzen gara lotsak zenbat mundu kentzen dizkigun. Zuri esker, Jone, "lotsagabe" koadrila batekin bertso-eskolan denbora galtzeak merezi zuela sinetsi zenuelako, konturatu ginen txapel baten bila doan bertsolari izan gabe ere egin daitekeela bertsotan, oholtzara igotzea ez dela ezinbesteko baldintza, zilegi dela bertsoaz horrela ere gozatzea eta bertsolaritza bizitzeko modu anitz daudela.

Hor aurkitu nuen nire lekua, bertso-eskolakoak bakarrik egon arren onenak ziren saioetan, afarietan, parrandetan. Presio eta aspirazio gabe bizi daitekeen bertsoan. Taket bertso-eskolan esaten den bezala, basatzan aurkitu nuen nire lekua. Basatza hori dut nik etxe. Eta hortik, etxeko babes horretatik, naiz gai gaur egun munduratzeko. Babestuta sentituz askatu dut nire bertsozaletasuna, zilegitasuna sentitu dut nire burua trebatzeko eta orain arte ausartu ez naizen espazioetara salto egiteko. Eta horrela sentitzen naiz, aseta, bertso munduan, besteetan bezala, norbere gaitasunetatik eta aukeretatik ahal duguna ematean sentitzen garen bezala.

Eta zuk, Jokin, zer da (zure) bertso mundutik jaso duzun onena? Nolabait eraldatu nahiko zenuke?

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa