Zutabea 2023-12-28

"Taldean ez bada bertsolaritza zentzugabea da"

"Taldean ez bada bertsolaritza zentzugabea da"

Jone Larrinaga DaƱobeitia

Ez da erraza bertso-eskolako ume eta helduek nigandik zer jasotzen duten esatea, Maite, ez eta haiei zuzenean galdetu barik beren sentipenez aritzea ere. Hala ere, erraz azalduko dizut nik neuk ikasi dudana.

Txapelketak, norbere diskurtsoa plazaratu nahi eta forman txukun jartzeko gaitasun ezak, edo entrenatu eta hobekuntza gura bestekoa ez dela sentitzeak, frustratu egiten nau batzuetan. Baina, bertso-eskolara eta hezkuntza arautuko ikasleengana joanda, guzti hau jolas bat dela gogoratzen dut, ni umetan hainbeste harrapatu ninduen jolas bera.

Bertsolaritzara hurbiltzen ari denari begietan ikusten zaio sortzeak dakarren zirrara, ez da imitazioz ari eta ideia interesgarriak plazaratzen ditu. Bertso asko kontsumitu dugunok, ostera, bertsoaren estandarizaziorako joera dugula sumatzen dut batzuetan; bada, hortik aldentzen diren gauzek aparteko xarma dute. Dibertigarriak zaizkit, naturaltasunez sortzean, errimatutako esaldietara ikasleek dakartzaten hitzak, adibidez; badut haiei lapurtutako oin bat edo beste!

Are gehiago, gureak bertsolariak baino gehiago behar ditu bizirauteko, eta taldean ez bada bertsolaritza zentzugabea da. Horregatik gustatzen zait ikaslea entzulegoan txalo jotzen ikustea, bat-bateko taldeko gaztea eskean etortzea entzun berri duen doinua audioz grabatuko ote diodan, bertso-eskolako laguna epaile taldean sartzera animatzea, hezkuntza arautuko umea institutuko saioan gai-jartzaile ibiliko dela jakitea… Ekosistema honetan bakoitza bere lekua bilatzen ikusteak niri ere taldearen parte sentitzen lagundu dit, bai eta nik talde horretan bete nahi dudan paperaz hausnartzen ere.

Garazi, hurrengo galdera zeuretzat: Nola aurkitu zenuen zure lekua bertso munduan? Nolakoa da plaza publikoan bertsotan aritu gabe bertsolaritzaren ekosistemaren katebegi izatea?

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza