"Elkartasunez Tour" ekimena zela eta 2009-11-02

Ostegunean bete egin zen Gasteizko Parral taberna

Uxue Alberdi eta Jon Maia aritu ziren bertsotan. Beraiekin batera Palestinatik etorritako hiru inprobisatzaile aritu ziren.
 Joan zen ostegunean "Elkartasunez Tour" biraren barruan saio berezi bat egin zen Gasteizen. Hasiera batean Florida Kultur Etxean egiteko asmoa bazegoen ere, azkenean Parral tabernan ospatu zen saioa, orduerdiko atzerapenarekin. Dena den, taberna goraino bete zen (70 lagunetik gora elkartu ziren). Uxue Alberdi eta Jon Maia bertsolariak hiru inprobisatzaile palestinarrekin batera aritu ziren kantuan, eta ordubetetik gorako emanaldia eskaini zuten.

 Hasierako saioetan bertsolariak beren aldetik eta zajalistak bestetik aritu ziren. Hala ere, Manex Agirre gai-jartzaileak nahasian jarri zituen ondoren. Hala, Uxue Alberdik eta Ahmad Nanmanah-k saio umoretsua eskaini zuten. Serioago aritu ziren Jon Maia eta Muhammad Zoabi, bi herriek bizi duten egoerari buruz kantatu baitzuten.

 Azkenean oso giro ona sortu zen oholtza gainean aritu ziren inprobisatzaile guztien artean.

 Ahmad Nanmanah-k azaldu zuenez zajala oso ezaguna da Palestinako iparraldean eta Libanon: "Dena den, Palestina historikoko gainerako zatietan ere badago. Gure historian zajala Al Andalus-en (Andaluzian) sortu zen. Litekeena da Andaluziaren inguruko lurraldeetara eta Mediterraneoko uharteetara ere zabaldu izana. Zajala poesia klasikoari seriotasuna kentzeko modu bat da, jendearentzat gustagarriagoa izan dadin. Horrela, herritar guztiengana iristea zen helburua.

  Gaur egun entzuteko arteetan aniztasun handia dago. Garai batean zajala zen nagusi. Normalean horrelako musika eta arteak gehiago erakartzen ditu herritarrik zaharrenak, nahiz eta gazteek ere jarraitzen duten. Palestinaren iparraldean, Galilean, 5 edo 6 lagun aritzen dira honetan. Libanon hamarretik gora izango dira.

 Hasieran dialogo moduko bat egiten dugu eta gero bertso libreak kantatzen ditugu.

 Emakumezkoak ere aritzen dira, baina gutxi. Zajala, literaturaren munduan, bataila moduan planteatzen da, debate gogor bat da. Libanon bi edo hiru emakume aritzen dira zajalarekin.

 Orain dela urtebete jakin nuen zajala bazegoela Euskal Herrian, Korsikan, Sardinian eta Toskanan ere. Orain dela gutxi egon naiz zajalari buruzko konferentzia batean, eta mediterraneo inguruko herrietako kideak elkartu gara.

 Herri palestinarraren eta euskaldunaren artean gauza asko dauzkagu konpartitzeko, antzekotasun ugari dauzkagu. Ez da kasualitatea euskaldunek gonbidatu izana, borroka bat konpartitzen baitugu. Bi herriok ondo ulertzen dugu elkar, eta borroka hori zajalaren bitartez adierazten dugu."

 Gasteizko saioko momenturik onenak laster izango dira ikusgai Bertsoa.com-en.

 "Elkartasunez Tour" ekimenak aurrera jarraituko du oraindik ere. Hala, ostiral honetan bertso-afaria eta kontzertua izango dira Zestoan. Jokin Uranga, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" eta Basel Zayed ariko dira kantari.

 Askapenak antolatutako bira da "Elkartasunez Tour", bi helbururekin. Batetik, palestinarren eta euskaldunen arteko harremana sustatzea, bestetik, Israelgo estatuaren aurkako boikota indartzea. Palestina eta Euskal Herriko hainbat bertsolari, artista, irakasle eta musikarik hartu dute parte ekimenean, musutruk.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri