Bere atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren, Ane Labaka, Odei Barroso, Ainhoa Mujika, Arrate Illaro eta Aimar Karrika.
Joan zen ostiralean jokatu zen lehendabiziko Mikel Laboa sariketa. Donostiako Antigua auzoan izan zen, Doka antzokian. Festak ospatzen ari dira bertan, eta jende ugari bertaratu zen saioa jarraitzera. Bertsotan, berriz, honako bertsolari hauek aritu ziren:
Odei Barroso
Arrate Illaro
Ainhoa Mujika
Ane Labaka
Unai Gaztelumendi
Aimar Karrika
Lehenengo fasean zortziko handian eta txikian ofizioka aritu ondoren bina punturi erantzun behar izan zieten bertsolariek. Ondoren, hamarreko txikian binaka ofizioka aritu ziren. Kartzelako lanarekin bukatu zen lehenengo fasea: gai bati bi bertso bota behar zizkioten.
Saioa ondo joan zen lehenengo fasean. Beharbada ez zen guztiz lehertu, baina bertso onak entzun ziren. Azkenean Ane Labaka eta Unai Gaztelumendi igaro ziren bigarren fasera.
Bigarren fasean hiru ariketa egin behar zituzten: ofiziotan aritu ziren zortziko txikian eta sei puntuko motzean, eta, azkenik, hitz bati bertso bana bota behar izan zieten. "Muxua" izan zen hitza.
Azkenean Unai Gaztelumendik jantzi zuen txapela.
Saioko bertsorik onenak laster izango dira ikusgai Bertsoa.com-en.