Saioa 2026-10-06

"Abanikoak, eskuorriak eta txalo-zaparradak".Tolosa, Maddi Aiestaran

Abanikoak, eskuorriak eta txalo-zaparradak

Telazko poltsetan gauzak eta gauzak pilatzen dituen jendearentzat, pentsatzen dut askotan ez dela bereziki inportantea izango kanpoan ze giro egiten duen; beti topatzen dute soluzioren bat, poltsan eskua sartuta. Tolosara bertsotara etorri den jendetzaren artean, ez dira gehiengoa, baina badira batzuk uda-garaitik poltsan bizi duten abanikoa atera eta aprobetxatu dutenak. Beste jendeak, ia mundu guztiak, eskuorriari eragindako mugimenduarekin konformatu behar izan du. Beroak gogor hartu du Tolosako Usabal kiroldegiko kantxa. Sintonia kantatzen hasi denerako, izerdia sumatu da bataren eta bestearen besapeen bueltan.

Arratsaldeko bostak jo eta minutu gutxira, Imanol Artola “Felix” gai-jartzailearen atzetik iritsi dira, jende artetik, sei bertsolariak. Txalo-zaparrada ozenak egin die harrera; askotarikoa zen beroa. Hasierako agurretan, bakoitzak bere asmoak eta bere egiteko moduak erakutsi nahi izan ditu; denak ere hasteko gogoz nabaritu zitezkeen.

Eta hauxe omen dakar gogoz ekiteak: fuerte hasi dute saioa sei bertsolariek. Zortziko handiko ariketan bertsoaldi ederrak osatu dituzte hiru bikoteek. Unai Mendiburuk eta Eli Pagolak eman diote hasiera, belauneko ebakuntza bat egiteko zain dauden bi pertsonaren ahotsetik: osasungintza publikoko itxaron-zerrenda luzeak direla-eta klinika pribatuan operatzeko egin dieten proposamenaren gainean hizketan aritu dira, elkarri entzunez eta haien ideiak argi emanez. Saio polita izan da. Segidan, Amaia Iturriotzek eta Oihana Bartrak bertsoaldi bikaina osatu dute, haien semearekin nola jokatu erabakitzen ari diren bi gurasoren paperean. Niretzat, saioko ariketarik borobilena izan da, elkarrizketa zintzoa eta erreala izan dute, bertso ondo josien bitartez. Bukatzeko, Aitor Servier eta Julio Soto bi anaiaren paperean aritu dira, haien amak jasandako torturaren aurrean hartu behar duten rolaren inguruan; gaian ondo kokatuta eta entzulearengana iritsiz, ariketa ederra osatu dutela esango nuke.

Zortziko txikian, Mendiburuk egin duen lana izan da aipagarriena, nire ustez: Sotorekin batera egindako ofizioan, posizio erraza ez zuenean ere ondo erantzunez eta umoretsu aritu da kantuan. Publikoak bero erantzun du, eta esango nuke bere umorezko ateraldiak gaian eta elkarrizketan ondo kokatzen jakin duela. Dena den, uste dut lehenengo ariketako indarraldiari eustea kostatu egin dela zortziko txikiko bertsoaldietan.

Puntu-erantzunetan eta hamarreko txikian, bertsolariek, denek ere, lan txukuna egin dute. Gaian ondo kokatuz eta gaira ondo zetozen elementuak eta erreferentziak ekarriz aritu dira, eta uste dut erorialdirik gabeko bertsoaldiak atera direla. Egia den arren saioaren hasierako segurtasun eta afinaziorik ez dela mantendu, gozatzeko moduko bertso asko joan direla iruditu zait. Nik gozatu egin dut, eta gozarazi izana aitortu nahi nieke sei bertsolariei.

Ganbarako lanean, ederra izan da sei bertsoaldi horren diferente entzuteko aukera izatea; askotan errepikatu ohi dira gaiari heltzeko bideak eta moduak, eta guztiz bestela gertatu da gaur. Pagolak eskaini duen bertsoaldia aipatu nahi nuke lehenik: hirugarren bertsoko azken puntura arte intrigari eusteko erakutsi duen gaitasuna nabarmentzekoa iruditu zait, eta lan zaila eta azertatua egin du, nire ustez. Eta beste hainbeste egin du Iturriotzek: gaiari bikain erantzunez eta bertsoak zehaztasunez eta zorrotz josiz borobildu du egindako saioa. Bukatzeko, Sotok bete-betean asmatu du garaira eta lekura egokitzen; tolosarrei gertukoak zaizkien hainbat gauzari erreferentzia eginez eta umoretsu bezain goxo bukatu du bere arratsaldeko jarduna.

Tolosako saioan, bezperakoan bezalatsu, bukaerako agurretan, mikrofonoa baliatu nahi izan dute zenbait bertsolarik gaur-gaurko hainbat auzi sozial salatzeko; besteak beste, Santurtzira, Hondarribira, Baionara, Madrilera, Palestinara begira jarriz komunitate oso bat. Saio puntuagarriaren emaitzek han-hemen utziko zituzten poz- eta min-arrastoen gainetik, inportantea eta esanahitsua iruditzen zait bertsolariek egindako hautu hori. Orain, denok ere, gauden tokitik, segi dezagula, arduratik, kontatzeko hitzen bila.