Entzuna dudanez, Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan pilotak gainerako pilotalekuetan ez bezalako soinua egiten du pareta jotzen duenean. Gaur, tela beltz batek estali ditu harrizko frontisaren eta errebotearen arteko koadroak: ezker-paretatik zabalera jokatu da Gernikako finalerdia, eta harmailaren zabaletik, esku-zarta indartsuz erantzun du bertsozaleak.
Sintonia kantatzen hasi eta gutxira, Igor Menika gai-jartzailearen atzetik agertu dira, ilaran, sei bertsolariak. Ederra ez ezik, exijentea dago plaza; bete-bete eginda hartu ditu pilotalekuak. Sold out, berriz ere. Gogoz sumatu dut jendea; entzuteko, bizitzeko eta gozatzeko gogoz. Hasierako agurretan bertsolariek haien asmoak eta aldarteak adierazi, eta berehala hasi da saio puntuagarria.
Zortziko handiko ariketan bertsoaldi politak joan dira. Tokira eta garaira egokitutako hainbat gairi erantzun ona eman diete bertsolariek. Zortziko txikia izan da, dena den, nire ustez saioa gora eraman duena. Esango nuke bertsolariek momentu batean baino gehiagotan asmatu dutela entzulearengana iristen, baita umoretsu eta kidearekin batera jarduten ere; harmaila zabal-zabalean, irri txiki bat utzi dutela sumatu dut.
Puntukako ariketa iritsi da ohartzerako. Aipatzekoa iruditu zait sei bertsolariek egindako lana: uste dut abiapuntu den gaitik harago bien artean bide zentzuzko bat egitea oso lan konplikatua dela, are gehiago txapelketako zera estuan; eta esango nuke hiru bertsoaldietan asmatu dutela, finago edo traketsago, bide bat egiten.
Bakarkako ariketa etorri da atzetik; batzuek alde batetik eta besteek beste alde batetik komentatu didate ze azkar ari den joaten saioa. Ez gara ohitu oraindik saioaren egitura berrira. Bertsolariek, banan-banan, ale onak utzi dituzte oro har. Horietako hiru nabarmendu nahiko nituzke. Joanes Illarregik, laneko arriskuen prebentzio teknikariaren ahotsetik, primerako ariketa egin duela iruditu zait; pertsonaia gaian ondo kokatuta eta gaira egoki ekarritako hiztegia baliatuta, lan ona egin duela uste dut. Aner Peritzek, bosgarren aulkitik, haur bat harreran hartzeko aukera daukanaren paperean, bertsoaldi ederra utzi du. Barrenean dituen emozioei lekua eginez eta, azkenerako, haurrari berari egiazko zenbait hitz zuzenduz, asko gustatu zait ze ondo josi duen hiru bertsoko kontakizuna. Bukatzeko, Aitor Bizkarrak egin duen lana balioetsi nahiko nuke. Aspaldi Ameriketara joandako puntista baten azalean jarri du gaiak, Gernikara itzuli berritan; eta parean, Jai-Alai pilotalekua goraino beteta. Ez zuen lan makala pilotalekuko ertz denetara helduko ziren bertsoak osatzen, eta uste dut harrizko paretetan gordetzeko moduko aleak osatu dituela. Bereak dituen joskera eta prezisioa ondoen ariketa honetan erakutsi dituela esango nuke.
Azken ariketarako, gozo-gozo geratu da plaza. Ane Labakak eta Peritzek elkarrekin eta umoretsu erantzun diote lehen gaiari, detaile politak joan dira bertsoen txoko diferenteetan. Aitor Mendiluzek eta Laburuk ere elkarrizketa bizia eta sendoa izan dute; gustura sumatu ditut, elkarri erantzunez eta otutako ideiak ondo ekarriz. Eta azkenean, Illarregik eta Bizkarrak ume beraren bi gurasoren ahotsetik bide polita osatu dute, kontrako iritzian, baina ondoan jardun baitira.
Ez dakit gainerako pilotaleku eta kantxetan ez bezalako soinurik entzungo zen; niri gustatu zait zabalera etorritako hitzek egin duten soinua. Martxan segi dezala jokoak; eta izan dezala, ahal duen denetan, jolasetik ere pixka bat.