GIBELETIK AINTZINERA
Etxera bidean naiz Donapaleutik. Ahots-kordak mutu, burmuina sigi-sagan eta Irulegi irratia dialean. RTZ kolektiboaren Eden diskoa aditu dut, kantaz kanta. Aintzina errepidean, eta argitasuna kolpean: 1) Erraten ez duen iritzigilea pasorik ez duen tximinia bat bezalakoa da. 2) Gauza batzuk ongi ulertu daitezen, gibeletik aintzinera kontatu behar dira.
Hotz utzi nau puntuazioak, eta puntuazioa da saioa entzun ez duenak jasotzen duena.
Ganbara ez da perfektua izan, egon da borobildu gabeko esaldirik, baina baita bertso ederrik eta beterik. “Geltokira eraman duzu. Joan ez dadin konbentzitzen ahalegindu zara, baina badoa. Nola abiatzen den ikusten gelditu zara”. “Gure garaiaren gaitza / bihurtu da Erasmusa”, hasi da Arregi. Iguaranekin sentitu dugu baietz, zailagoa dela aireportuan alaba agurtzea geltokian baino, horregatik erran dio agur zezakeela bertan. Eta Alkaizari “aio” soil bat, nahiz eta espero zuen filmetako despedida. Gaiak itxura aski zabala du, baina hiru helduleku eskatzen ditu: geltokira eraman duzu; konbentzitzen saiatu zara; nola abiatu den ikusten ari zara. Kasik bertso bakoitzerako lotura bat eskatzen du, eta ez dakit hiru gauza horiei zehatz-mehatz erreferentziarik ez egiteak eragin ote duen puntu eskasia kasu batzuetan. Hazparneko, Lekeitioko eta Altsasuko gaiek, bi helduleku zituzten.
10ko ttikian pareko egoeran abiatzen dira bertsolariak, ohikoa da elkarri arrazoia ematen aritzea argudiaketan. Ausardia behar izaten da espero ez den bidea hartu eta ikuspuntu diferenteetatik bertsoaldia josteko. Hori egin du Lazkozek Arregirekin. Baionan ikasi zuten Baxenabarreko gurasoak dira, haien haurrek Donapaleuko lizeo berrian ikasiko dute etxetik hurbil. “han mundutxo berri bat / zabaldu zitzaigun” erran dio.
8ko ttikian, Iguaran eta Viñaspre kotxe batean sartuta egon dira, Oihana notiziak aditu nahiz, eta Iñaki beti solasean. Egoera berez da errepikakorra, eta aurrera egiten zuen elkarrizketa bat ontzen asmatu dute, tonu umorezkoa galdu gabe, kolperik kolpe, “azken orduko hauxe / ez nuke nahi galdu / batek kopilotoa / leihotik bota du”.
Alkaizak 8ko handian, artzain baten paperean, natura eta pertsonaiaren barne-egoera lotu ditu erromantizismo garaiko testuetan legez: nik etxolan dut urritz makila /supazterraren beroa / eguzkia da ordularia / ta zelaia bulegoa. Arregik eta Roblesek lurretik kantatu dute, gorputza jarrita, zaharretxean dauden bi emakume edadeturen ahotsetatik.
Binakako lanetan ez da aretorik lehertu momentu konkretu batean, agian publikoa emankor egon delako hasieratik: errepika duten doinuetan bertsolariak lagundu ditu, umore kolpeetan irri egin du, txalo jo du esker oneko. Gozatzen sumatu da entzulea.
Beti bukaerei begira aritzen gara, baina zein inportanteak diren lehenbiziko puntuak. Entzulea harrapatzeko lehen aukera da. Gero bertsoaren joanean galdu egiten direlako ez dira saritzen igual. Une batzuetan, bereziki ongi egin du hori Viñasprek.
Errespetu handia diedan bertsolariak egon dira gaur oholtzan. Bertzeen baimenarekin, Saioarentzat eta Sarairentzat da azken puntua. Haurrak zirela eta ni gazte ezagutu genuen elkar. Dena kontra zuten bertsolariak izateko, baina zerbait ederra sortu genuen garai hartan Iruñerrian jende aunitzen artean. Badago jendea etsitzen ez duena, beldurrari aurre egiten diona, eta egoskor egiten duena harri-pausu batetik bertzera. Lana, errekonozimendua eta bakoitzak egin nahi duena beti ez doaz eskutik. Atzetik etorri diren hauek dira nire erreferenteak. Gaur inoiz baino hurbilago sentitu ditut Lesaka, Durango eta Donapaleu.