Osatu du Ipurua doktoreak bere munstroa. Bihotza eta burua besarkatuta ditu, kartutxoak lotuta gerrira, lumak erre gabe, arbaso denek akonpainatuta dator eta errepublikarra da.
Lagunekin kafea hartzeak konbertsazioa luzatzeko arriskua du, eta nahi baino justuago ailegatu naiz polikiroldegira. Jendez beteta egon arren, handia da Ipurua, handia arrunt. Eseri naiz nire aulkian, agurtu ditut eta agurtu naute Bertsozale Elkarteko, Garako, Berriako, Argiako kideek. Hegal egiten kantua kendu digute, eta horrek despistatu nau. Fase honetan, Olaia Inziarteren ahotsak ematen dio paso sintoniari: tan-ta-ta-tan-tan…eta abiatu dira oholtzara Igotz Alkortaren atzetik Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe, Asier Azpiroz “Azpi” eta Nerea Elustondo, txalo-zaparrada luze batek lagunduta.
8ko handitik somatu da izan zitekeela oroitzeko moduko txapelketako egun bat. Eta ni pentsatzen aritu naiz gai bakoitzak eskatzen duen hizkuntza-erregistroaz. Nola hitz egiten dute armagintza enpresa batean lan egin izan duten bi jubilatuk? Eta nola hitz egiten dute zientzialariek? Arrisku bat sortzen da bertsolaria bera gehiago ikusten bada sortu behar duen pertsonaia baino.
8ko ttikian bertsoaldi guztiak jaso ditu gozamenez entzuleak, baina Artetxeren eta Elustondoren lana hautatu dut. Nereak bere burua autodiagnostikatzen du maiz, eta medikuarengana, Mirenengana, joan da berriz. Tapa-tapa elkarrizketak aintzinera, elkarri erantzunez, eta hasi ez den leku batean bukatu da; Osakidetza izan da arazoa hastapenean, eta Elustondok hirugarrena horrela itxi du: baina Miren zer da nik / egin behar dudana / behingoz bidal nazazun / psikiatrarengana.
Puntukako saioak ez dira bereziki onak izan. Erranen nuke, gai-jartzaileek ariketa honetan ez dutela formulazioan asmatu. Puntutan egiteko nahikoa da egoera bat jartzea. Honakoa gaurko gaietako bat: “Gau Beltzaren tradizioa berreskuratu nahi duzue. Beldurraren pasabide bat egitea otu zaizue, eta zer elementu sartu pentsatzen ari zarete. Puntutan ez da posible elkarrizketa bat mantentzea eta, era berean, elementuen zerrenda bat egitea. Beldurraren pasabide bat egitea otu zaizue, nahikoa da horrekin.
Ganbararik ez oraingoan. Gai bana, eta etenaldirik ere ez. Faltan hartu dut etena. Zurrumurru handiagoa egon da eta lanen bat galtzera behartzen du denbora luze horretan komunetik pasa gabe egon ezin den entzulea, hankak luzatzeko beharra duena… Etenaldiari bai, mesedez.
Eta berriz langa oso goitian. Alaiaren doinu berria, agurrean belarrira egiten kosta zaidana, hildakoen makillatzailearen paperean zirraragarri egokitu da; guttik lortzen duten sentiberatasunarekin bete ditu bertsoak, ederrean eder: ta rimela korritzen zait / ume bat heltzen denean. Ibarzabalek gorputza astindu digu kotxetik, maistraki: autopistak maiz hartzen nau /ni egoera zailetik/istripuai ixkin egin/rotonda borobiletik/
heriotzak gidatzen du/ nire ondoko karriletik. Oihanak ere oroitzeko hau utzi digu: zein izan leike herri bat/ definitzeko kabida /euskara hiztunok gara /ta euskara hain haundi da/gerturatzeko prest dauden/guztiak kabitzen dira. Gero Artetxe… zein da iritzi-artikulu baten kabida? Eibarreko bertso-saioa ez zait kabitzen.
Eta 10ko ttikian, Elustondo borobil, eta borobila Ibarzabalen eta Azpiren bertsoaldia. Lehenengo bortzak finalerako lehian eta Azpi finalerdiko txukun batean, 10ko ttiki gogoangarri bat utzita.
Jada ez dira bertsolari onak bakarrik. Lurra sendo zapaltzen duten primerako bertsolariak dira; oholtza haien lekua dela argi dutenak, plaza aunitz dituztenak sorbaldetan. Iruñerako txartela garesti dago hagitz.