Saioa 2026-09-29

"Hasi da berotzen". Lekeitio, Maddi Aiestaran

Behin Lekeitioraino etorrita, itsasoa ikusi gabe ez zutela etxera joan nahi, eta presaka-presaka egin dute lagun batzuek porturainoko joan-etorria. Ordurako, Santi Brouard pilotalekuko eserlekuak betetzen ari ziren pixkanaka; jendez, jertsez eta poltsaz betetzen, berandu datorren lagunak ere izan dezan aukera oholtzari toki onetik begiratzeko. Jakin-mina mugitzen zen airean; horren usaina hartu dut, lau t’erdiak pasatxo, heltzera zihoazen bertsolarien argazkiak ikusi ditudanean eskuorrian. Bertsozale mordoa juntatu da igande arratsaldez, espero da-eta zeozer gaurkotik ere; gose-egarriak ez ezik, morboak ere gidatzen gaitu hara-hona.

Espektatiben eta exijentziaren amarruetatik aldenduta, umore onez iritsi dira bertsolariak oholtzara. Idoia Anzorandia gai-jartzaileak hasierako aurkezpenak egin ondotik, halaxe igarri da agurretan: seiek ala seiek erakutsi nahi izan dute haien asmoak zein diren. Serio eta helburu sendoekin etorri dira, baina tonu jolastian eta atseginean eman diote hasiera, denak ere fidel haien bertsokerari. Publikoak ere bero erantzun die bueltan.

Saio puntuagarriari ekiteko, Eneritz Artetxek eta Maddalen Arzallusek osatu dute lehenengo ofizioa. Segurtasunez aritu dira biak ere, gustura eta haien ideiak argi ekarriz bertsora. Sei bertsolariek utzi dituzte bertso txukunak, baina saioak ez du lehertzera egin.

Segidan, zortziko txikiko ariketan, irudipena izan dut alde bietatik ondutako biderik ez dela egin. Ale arrakastatsuak joan diren arren, esango nuke bertsoaldi gorabeheratsuak atera direla. Eta saioak ildo berari jarraitu dio puntu-erantzunetan ere: jaikialdiak eta labainaldiak, denetik izan da. Arratsaldearen erdialdean, sentsazio arraroa zebilen airean, estuasunek, urduritasunek eta asmatu-nahiek eraginda.
Hamarreko txikian hasterako, esango nuke Aroa Arrizubietak aipatutako Dragon Khanak bueltak emateari utzi diola, eta baretu dela giroa ere pixka bat. Behin atrakzioa lurrean, ofizio txukunak osatu dituzte hiru bikoteek; denak ere, ordurako, saioan sartuta eta argi zebiltzan seinale. Arrizubietak berak ariketa horretan egin duen lana azpimarratu nahiko nuke; gaia lurrera ekarriz eta elkarrizketari ekarpena eginez, lan ederra egin du. Bestalde, Aitor Bizkarrak eta Aner Peritzek bi teknikariren paperetik osatu duten ofizioa borobila iruditu zait, biek ere erreferentzia eta baliabide aproposez jantzi dute elkarrizketa, eta gaira ondo egin direla esango nuke.

Atsedenaldian, kanpoan haize pixka bat hartzeko aprobetxatu du hainbatek. Kideekin saioaren gaineko usteak komentatu ditu beste zenbaitek. Ilara luzea egin da komunetan. Azkenean, bete dira berriz ere eserlekuak eta berrekin dio saioari Anzorandiak. Sumatzen da, puntuazioari begira, ariketa inportantea izango dela ganbarakoa. Eta bizi erantzun dute bertsolariek, gaiari ondo erantzunez eta bertsoak txukun osatuz. Labakak bertsoaldi paregabea osatu du, berari ezer esan gabe kondoia erantzi izanagatik barkamena eskatu dion mutilari zuzenduta: istorioa deskribatzeko eta gaiari erantzuteko abilezia erakutsita eman dio bukaera bere saioari. Eta Peritzek ere aho-zapore onarekin geratzeko moduko bukaera eskaini du, despedidako polvo bat oparituz haren maitale ohi bati; bertsozaleari ere bertso bikainak oparitu dizkio igande arratsaldeko despedidan. Saio puntuagarria bukatuta, txalo zaparrada bero batek hartu du pilotalekua.

Ane Labakak bikain egindako anfitrioi lanak besteren batek egin beharko ditu aurrerantzean. Sartu lasai barruraino, zirrikitu asko dago oraindik ezagutzeko.