Asteburu batez atseden hartu eta gero, noranzko berean mugitu dira berriro ere kotxe mordo bat errepidean. Leitzaldeko parajeen koloreari erreparatu diogu kotxeko kristaletik; udazkendu da pixka bat paisaia. Eta kolore berriak agertu ahala, hemen dira Txapelketako ahots zahar-berriak; kuriositate zera bat dabil airean, espektatibak, zurrumurruak eta gose-egarria.
Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunea handi ikusi dut, harmailako gure eserlekutik. Plaza ederraren tankera hartu diot. Udazken-giroa egingo zuela pentsatuz etorri denak hankapean edo aulkien bizkarrean gorde du txaketa. Posizio erosoan kolokatu ditu zangoak, harmailan eseri denak. Ze kiniela egin duen erakutsi dio baten batek ondoko lagunari. Giro beroa nabari da, eta berotzera egingo duela iruditu zait sintonia kantatzen hasi denean. Aizpea Garmendia gai-jartzailearen atzetik agertu dira sei bertsolariak ilaran. Eta jendartetik oholtzara zihoazela, txalo-zaparrada ozenak egin die harrera.
Hasierako agurretan, umore onez eta asmo argiz erakutsi dute euren burua sei bertsolariek. Lehenengo bi ariketetan, zortziko handian eta zortziko txikian, fin aritu dira, oro har, denak ere: erregular eta joskera abilez. Esango nuke bertso onak joan direla tartean, baina ez nuke nabarmenduko biren artean osatutako ofizio edo elkarrizketa borobilik. Eta iruditu zait antzera gertatu dela hamarreko txikiko ariketan ere. Orokorrean, ofiziotako ariketetan, esango nuke puntuaziorik onena lortu duten hiru bertsolariak ibili direla abilen: Amets Arzallusek, Beñat Gaztelumendik eta Saioa Alkaizak asmatu dute egokien haien ideiak elkarrizketara eta gaira ekartzen.
Puntukako ariketa izan da fase berri honetako berrikuntzetako bat. Ariketa arriskatua eta zaila dela iruditzen zait, eta nabarmentzekoa iruditu zait hiru bertsoaldiak ere txukunak atera izana, egon den arren, horien artean ere, saio hoberik edo saio apalagorik.
Bakarkako ariketa izan da beste berrikuntza: bertsolariek zozketak erabakitako ordenan egokitutako gai itxi banari erantzun behar izan diote, ganbarako gai zabalaren ordez. Eta saioko giroa bero-bero jartzen ari zenean, bertsoaldi politak osatu dituzte sei bertsolariek. Amets Arzallusek saio osoan zehar erakutsitako mailan erantzun du: bularreko minbiziarekin lotutako pinkwashing-aren inguruan, bertso argiak eta ondo josiak kantatu ditu, neurri estuko doinu berria aurkeztearekin batera. Gorka Pagonabarraga preso ohi baten paperetik aritu da, etxean topatutako gutun zaharrak eskuartean: xume eta goxo zuzendu zaio gutunak gordetzen zituen kutxari, esaldiak zorrotz josiz. Hirugarren eserlekuan, Beñat Gaztelumendi: guraso izan berri den musikari baten paperean aritu da; doinu berrian, ohi duen abilezia erakutsi du testuinguru eta pertsonaia bat eraikitzeko eta entzulea bere istorioan murgilarazteko. Xabat Illarregi izan da hurrengoa, hipotekaren azken kuota ordaindu berri duenaren rolean: seguru aritu da, eta nire ustez ariketa horretantxe lortu du bertsorik osoenak osatzea, gaiari berari ez ezik etxebizitzaren problematikari ere keinu eginez. Segidan, Saioa Alkaizaren txanda izan da, eta aipatzeko moduko lana egin duela esango nuke. Urte askoan herriko kirol klubean lanean aritu den norbaiten tokian jarri du gaiak, klubeko lehendakari izateko proposamenaren aurrean. Uste dut ondokoei egokitu zaienaren aldean gai konplexua zela publikoarengana iristeko eta nolabait emozio jeneralarekin bat egiteko; eta zorroztasun eta sinesgarritasun handiz lortu du Alkaizak gaiari erantzutea. Lan honetan azken bertsolaria Xabat Galletebeitia izan da: inoiz ez eta gaur lehenengoz manifestazio batera joateko erabakia hartu duenaren ahotsean kantatu du. Esango nuke prezisioz josi dituela hiru bertsoetan hainbat puntu, eta lan ona egin duela egokitutako pertsonaia sortzen.
Honenbestez, kotxe mordo bat mugitu dira berriro ere errepidean. Kotxeko kristaletik erreparatu diogu zeruaren iluntzeari, puntuak eta bertsoak eta ariketak komentatzen genituen bitartean. Kolore berriak beti dira elkarrizketa gai ona.