Saioa 2026-10-11

"Tentsioa eta Plazera". Gotaine-Irabarne, Maddi

Tentsioa eta plazera

Gotaine-Iribarneko Herriko gelako ataritik, kotxeak, furgonetak eta autokarabanak ikusi dira iristen, arratsaldeko hirurak-laurak aldera. Eguzkitan goxo egoten da. Batzuek eta besteek bideak emandakoaren berri komentatu diote elkarri; asteburu-pasa etorri dira batzuk, egun-pasa besteak. Ateak ireki dituztenetik, berehala hasi dira eserlekuak betetzen; gogotsu etorri da jendea.

Arratsaldeko bostak jo dutenerako, Herriko gela goraino bete da. Eta konturatzerako, sintoniaren lehen urratsekin batera, Ekhi Erremundegi gai-jartzailearen atzetik joan dira sei bertsolariak oholtzara. Hasierako agurretan, elkarrekin eta taldean aritzeko asmoa erakutsi dute gehienek. Txaloak fuerte entzun dira airean. Beste arratsalde batez, bero-bero egon da bertsozalea; izerditan ez ezik, aldarte onez.

Zortziko handiko ariketari indartsu ekin diote gehien-gehienek. Andoni Rekondok egindako lana azpimarratuko nuke, hasteko: Aitor Etxebarriazarragarekin egindako ofizioan, ideiak eta elementuak gaira ondo ekarriz eta bertsoak ondo josiz hasi du saioa. Ofiziorik osoena, hala ere, Onintza Enbeitak eta Ekhiñe Zapiainek osatu dutena iruditu zait; bi neraberen guraso banaren paperetik, ikasleen mobilizazioen aurrean posizio diferentean kokatu ditu gaiak. Eta esango nuke bakoitzak bere posizioan lan ona egin duela; elkar entzunez eta elkarri erantzunez, gainera. Bukaerako agurrean, Zapiainek keinua egin dio ofizio horri: defendatu behar izan duen posizioaren kontra, gazteei mobilizatzera dei egin nahi izan die, esanez gurasoei horretarako baimenik ez diezaietela eskatu. Keinu polita eta indartsua iruditu zait.

Zortziko txikian, Xabat Illarregik eta Rekondok egin duten ofizioa izan da entzulearengana iristen ondoen asmatu duena. Aita-semeen paperean, adimen artifizialarekin duten harremanari buruz aritu dira, umoretsu eta elkarrizketa bizi-bizian. Lan ona egin dute biek ala biek.

Puntu-erantzunetatik aurrera, esango nuke saioa lausotu egin dela pixka bat: labainaldiren batzuk tarteko, gorabehera gehiago izan dira bertsoaldietan, eta uste dut horrek eragina izan duela, bertsolarien jardunean ez ezik, entzulearen erantzunean. Erremundegik jarritako puntuei erantzuten, Illarregi eta Enbeita aritu dira abilen: jarritako abiapuntuari erantzuten eta tokira eta testuingurura egokitzen oso ondo asmatu dutela uste dut. Gero, hamarreko txikian, denek ere lan txukuna egin dutela iruditu zait; denek utzi dute ale ederrik. Dena den, ez da izan saioa lehertzera heldu den bertsoaldi borobilik, nire arabera.

Bertsolariak ganbarara joan arteko atsedenalditxoan, kanpora egin du jende askok; hankak luzatzera, kontuak komentatzera edo haize pixka bat hartzera. Berehala bete dira berriz ere eserlekuak. Eta Etxebarriazarraga izan da lehena ganbarako gaiari erantzuten. Lan polita egin du, bere semearen hainbat jokabide azalduz eta haien aurrean berak duen paperaren inguruan pentsatuz: teknika landuz eta joskera onez osatu ditu hiru bertsoak. Ganbarako lanetan osoena Unai Mendizabalena iruditu zait: drogatan sartutako bere semearen istorioa kontatu du, mesanotxean poltsatxo bat harrapatu zionetik etxera afektatuta iristen den garairaino. Gaiari xehe-xehe erantzun diola iruditu zait; zailtasun puntu bat topatu diot gaiari, denbora-aldaketa bat eskatzen zuelako “zerbait harrapatu” eta “buruari bueltaka ibiltzearen” artean. Eta uste dut primeran kokatu duela istorioa gaian.

Saioaren azkenean, interesgarri jarri dira kinielak hainbaten mugikorretan eta koadernoetan. Arratsalde atsegina eskaini dute bertsolariek, eta iluntzeak ekarritako freskurarekin batera, aldendu dira herritik, pixkanaka, kotxeak, furgonetak eta autokarabanak.

Tentsioa eta plazera bereiztea zaila izaten da, behin sintoniak kantatzen duenean. Lehenengo etenaldi honetan, dagokizuenoi, tori besarkada bana. Asteburu espeziala da datorrena: egon zaitezte lagunen aldamenean, eta goxa dezazuela elkar.