Zarautzen, bere atzetik, Iratxe Ibarra gelditu zen 2009-10-19

Iker Zubeldia ere finalaurrekoetan ariko da

Beraien ondoren, hurrenez hurren, honela gelditu ziren: Unai Agirre, Joxe Munduate, Xabier Silveira eta Oihane Perea. 1300 lagun inguru elkartu ziren Zarauzko Aritzbatalde frontoian.
 Atzo jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. 1300 lagun inguru batu ziren bertan, saioa jarraitzeko. Azkenean, honela gelditu zen sailkapena:

 1.- Iker Zubeldia     643 puntu
 2.- Iratxe Ibarra     627,5 puntu
 3.- Unai Agirre       622 puntu
 4.- Joxe Munduate     608,5 puntu
 5.- Xabier Silveira   595,5 puntu
 6.- Oihane Perea      558,5 puntu

 Gauzak honela, Iker Zubeldia zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Tolosan kantatuko du, azaroaren 14an, Usabal Kiroldegian. Berarekin batera Igor Elortza eta Sustrai Colina ariko dira. Gainerakoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

 Saroi Jauregi aritu zen aurkezle lanetan.

 Xabier Silveirak saio ona osatu zuen kartzelakora arte, eta hasieran bera nabarmendu zen, zortziko handian batez ere. Komunera sartzeko 20 minutu zain zeramatzan Iratxe Ibarrarekin batera, gaiaren arabera. Biek lan ona egin zuten, baina Silveirak koska atera zuen ariketa honetan. Bere bigarren bertsoa aipatzeko modukoa da.

 Zortziko txikian ere Xabier Silveirak egin zuen lanik onena, Iker Zubeldiarekin batera. Iker arrantzara joana da, baina ezin du arrainik atera. Biek oso saio umoretsua osatu zuten, elkarri erantzunez. Orohar zortziko handiko eta txikiko bertsoaldi guztiak izan ziren onak.

 Puntu-erantzunetan, agian, behera egin zuen saioak. Unai Agirre nabarmendu zen ariketa honetan.

 Hamarreko txikiko lanak ere ez ziren, beharbada, aurrekoen mailara iritsi. Iratxe Ibarrak eta Joxe Munduatek egingo zuten, agian, lanik onena, amiantoak hildako aitaren seme-alaben paperean.

 Kartzelako gaiak honela zioen: "Telefonoa jo eta jo ari da baina ez duzu hartu nahi". Bertsolari guztiek heldu zioten bide ezberdinetatik. Iker Zubeldiak ehizara joana zela esan zuen, eta neska-laguna ariko zitzaiola deika seguru asko, haurra izatera zihoala eta. Aurreko gaian Oihane Perearekin egindako bertsoaldiari erreferentzia egin zion, eta saio umoretsua osatu zuen zegamarrak.

 Joxe Munduatek bide serioagotik hartu zuen. Lagunek auto-istripua izan zutela kantatu zuen, eta ospitalean zeudela. Deia ospitaletik ote zetorren beldur zela esan zuen, albiste txarren bat izan zitekeela eta.

 Unai Agirrek bertsoaldi dotorea osatu zuen kartzelakoan. Guraso baten paperean sartu zen: semea kanpoan parrandan zebilela-eta kezketan zegoela kantatu zuen, goizeko lauretan jasotako dei bat ezin zitekeelako ona izan. Bukaeran, beldurrak baztertu eta telefonoa hartu zuela esan zuen, eta semea zela, gasolinarik gabe gelditu eta ea bila joango ote zen eskatuz.

 Oihane Pereak kantatu zuen mutil-lagunarekin moztu zuela, eta bera ari zitzaiola deika. Bertsoaldi ona osatu zuen Oihanek ere, eta puntu dezente pilatu zituen ariketa honetan.

 Iratxe Ibarrak esan zuen amorantea ari zitzaiola deika. Azkeneko bertsoan guztia borobildu zuen, aurreko gai batekin lotu eta amorante hori Silveira zela esanez. Berak jaso zituen puntu gehien ariketa honetan.

 Azkenik, Xabier Silveirak aita ari zitzaiola deika esan zuen, eta bere garaian asko sufriarazi ziela. Hiru poto egin zituen ariketa honetan, eta epaileek gogor zigortu zuten. Ordura arte oso lan dotorea egin bazuen ere, kartzelako akats honek puntu asko kendu zizkion, eta txapelketatik kanpo utzi zuen. Bera ez zen potoez ohartu, eta puntuazioa entzun zuenean oholtzatik behera jaitsi zen, hain puntuazio baxua zergatik jaso zuen ulertu ezinik. Gero esplikatu zioten potoen kontua, eta hedabideekin hitz egiteko itzuli zen areto barrura.

 Bertsolariek oso sentsazio ezberdinekin bukatu zuten atzokoan. Oihane Pereak "disfrutatu" egin zuela esan zuen: "Orokorrean iruditu zait jendearen gustuko saioa izan dela eta zentzu horretan asko disfrutatu dut. Nik ere ahal izan dudana eman dut. Momentu batzuetan besteetan baino hobeto ibili naiz, baina uste dut solturaz aritu naizela. Ofiziotan, txikian eta hamarreko txikian, gustura aritu naiz, eta bakarka ere bai. Puntu-erantzunetan ibili naiz ezinean-edo, baina sentsazio onarekin noa".

 Iker Zubeldiak esan zuen aurretik sinatuko zuela horrela gelditzea. "Ikusi dut gauza batzuk hobetzeko bazeudela, baina ez dut uste askoz gehiago hobetuko nuenik. Joskeretan, agian, behartuta ibili naiz, kartzelakoan batipat. Errimetan ere betikoan aritu naiz, tentsioa ere baneukalako, baina emaitzarekin pozik nago".

 Unai Agirrek zihoen ez zela "erabat disgustora" gelditu, "baina erabat gustura ere ez. Nik uste dut gauza polit batzuk egin ditudala, baina irregular aritu naizela. Nire erregulartasunean nahiko irregularra naizela uste dut, eta gaur ere hori izan dut. Hasieran kosta egin zait berotzen, eta gero lan-erdietatik aurrera nahiko gustura aritu naiz. Kartzelan gustura gelditu naiz aukeratutako bidearekin, baina ez dut nahi adina borobildu. Harr horrekin gelditzen naiz. Beharbada puntu-erantzunak egin ditut onenak. Ariketa zaila da, eta egia esan parean tokatu zaizkit denak. Gainerakoan, hartutako bidearengatik kartzelakoarekin noa gustura, baina ez dut behar bezala borobildu".

 Joxe Munduatek hala zihoen: "hasi poliki egin naiz, baina gero amiantoaren gaia tokatu zaigu, enpresan nahiko bizi izan duguna. Hor ibili gara batera eta bestera, deskolokatuta harrapatu nau. Kartzelakoan ez naiz ondo ibili eta gozakaitz aritu naiz. Aretoarekin eta giroarekin oso gustura gelditu naiz. Inpotentzi bakarra, agurrean esan dudan bezala, giro on hori bertsoen bidez ezin eskertu izana".

 Azkenean, ariketaz ariketa, honela gelditu ziren puntuazioak:

 
                     8ko handia   8ko txikia   Puntu-erantzunak   10eko txikia   Kartzela   Denera
 Iker Zubeldia       134,5        135,5           128                   122                123          643
 Iratxe Ibarra       126           119             122,5                 130                130          627,5
 Unai Agirre          123           114,5          130,5                 127,5             126,5       622
 Joxe Munduate   128,5        121,5          128,5                 118                112          608,5
 Xabier Silveira     141           126              120,5                 126,5             81,5         595,5
 Oihane Perea      109,5        113,5            95                    112                128,5       558,5

 Azkeneko kanporaketa datorren larunbatean izango da, Laudion, Granja kiroldegian, arratsaldeko 17:30etan. Honako bertsolari hauek kantatuko dute:

 Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"
 Fredi Paia
 Iñigo Izagirre
 Onintza Enbeita
 Jon Martin
 Miren Amuriza

 Une honetan honela daude sailkapenak:

 Zuzenean sailkatuta:
  Jone Uria            661,5 puntu
  Etxahun Lekue        643 puntu
  Iñaki Zelaia         643 puntu
  Beñat Gaztelumendi   669 puntu
  Iker Zubeldia        643 puntu

 Puntuazioz:
  Arkaitz Estiballes     661 puntu
  Uxue Alberdi           660 puntu
  Aitor Sarriegi         657 puntu
  Xabi Paya              644,5 puntu
  Iñaki Gurrutxaga       642,5 puntu
  Julio Soto             639,5 puntu
  Maddalen Arzallus      636,5 puntu
  Ainhoa Agirreazaldegi  634 puntu
  Amaia Agirre           631,5 puntu
  Iratxe Ibarra          627,5 puntu
  Unai Agirre            622 puntu

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri