Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-09-10
Larunbat honetan hasiko da Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria. Imanol Lazkano (Azpeitia, 1936) bertsolaria eta lehendakari ohia izango da protagonista, eta bertsogintzaren eta Elkartearen ibilbideaz arituko dira. Ohi bezala, ETB1en emitituko da, larunbatean, 21:00etan.
Plazari utzi, bertsoari ez
Imanol Lazkanok 2012an utzi zion bertso plazari, baina plazan aritu ez arren, ez dio utzi bertsolari izateari; egunero du bertsoa presente.
Umetatik zaletu zen, eta, gerora, liluratzen zuten bertsolariekin kantatzeko eta lagun izateko aukera izan zuen, Uztapide eta Basarri, adibidez. Ezagutu zituenekoak kontatuko dizkigu. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre ere izan ditu mintzagai, elkarrekin plaza asko egindakoak baitira. Eta bertsolari horiekin kantuan aritu zen modu berean, ondoren etorri ziren bertsolari gazteengana egokitzea tokatu zitzaion. Aldaketa horretaz ere hitz egin digu.
Bertsotan ez ezik, Bertsozale Elkartean egindako bidean barrena bidaiatuko du Hitzetik Hortzerak. Bertsozale Elkartearen sorrera,1986an antolatu zuten lehen txapelketa eta 18 urtez Bertsozale Elkarteko lehendakari izandako aldiaz mintzatu da. Iraganaz ez ezik, gaur egun Elkartea nola ikusten duen kontatu du.
Gainera, saioa bukatzeko, Imanol Lazkanok jarritako bertsoak izango dira. Txapelketa Nagusiko finala Nafarroa Arenan egingo zela jakindakoan sortu zituenak kantatuko ditu.
Gorliz eta Andoaingo bertsoak
Uda giroko bertsoak dakartza Hitzetik Hortzerako lehen programak. Gorliz eta Andoaingo jaialdiko bertsoak. Gorlizen, Alaia Martin, Imanol Uria, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi aritu ziren kantuan Beñat Vidalek jarritako gaiak jarrita.
Bestetik, Andoaingo Sorabilla auzoan Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Ane Labaka eta Nerea Elustondo, Amaia Agirrek gaiak jarrita.
Berrikuntzak berrikuntza, iazko ildotik jarraituko du
Dagoeneko ezaguna den formatua eta aurpegia izango du denboraldi berriak. Mirari Martiarena izango da aurkezlea eta gidoilari lanetan ere bera arituko da. Kamera atzean, ordea, izango da aurpegi berririk, Andrea Lopetegi izango baita zuzendari berria.
Ohi baino programa gehiago izango ditu. Irailean hasi eta maiatzaren bukaerara arte izango dira bertsoak Euskal Telebistan, aspaldi ez bezala. Hori bai, ohiko ordutegian izango da. Larunbat gauetan emitituko da, 21:00etan, ETB 1en. Horrez gain, igandeetan errepikapena emango da eta Nahieranen ere izango da ikusteko aukera. Saioaren egunerokoaren berri izateko, jarraitu Instagram sare sozialean.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-09-10
Nerea Bruño - Nafarroako bertsozale Elkateko lehendakaria 2025-09-08
Larunbat gauean 21:00etan Mirari Martiarenak aurketuta 2025-09-02
Basarri Saria irabazi duen sorta da 2025-07-11
Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16