Basarri Saria irabazi duen sorta da 2025-07-11
Amona Klarari jarritako sortarekin irabazi du Maddalen Arzallusek Basarri Saria. Lehiaketa batera aurkeztu duen lehenengo lana izan da. Sortan Maria izena ageri da, benetako pertsona eta leku izenak erabaki baitu, epaimahaiak sorta arzallustarren Goiazko familiarekin lotu ez zezan. Hala adierazi du egileak Bertsoari.
SANTA MAÑAKO ALABA ZINAN
Doinua: Esplikatzera noa kontuak
-1-
Santa Mañako alaba zinan
senideetan zaharrena,
anai-arreba gazteagoek
bazizuten miresmena.
Askoz gehiago ez det esango,
Maria* zendun izena,
urteetan gora egindakoan
ahaztuko zenuena.
-2-
Jakin nahi nuke inoiz bizitzan
izan ote zinan ume,
goizean hasi eta gauera
lana baitzan erdigune.
Baserri hura hain zan haundia,
nahiz ta harri oro xume,
baino bihurtu zenuen zure
ahanzturen babesgune.
-3-
Hezkuntza ere pasa zitzaizun
eztarriz behera trabeska,
nahiz ta gehienek esaten zuten
abila den gure neska!
Lagunduz gero izan ziteken
mediku ala maestra!,
baserri zahar sasiz janetan
eskola biderik ez da.
-4-
Ongi badakit aita ere galdu
zenutela gazte asko,
hola kolpean neskatila bat
bilakatzen da andrazko.
Hango baratza, hango esne-behi,
hango txerri eta asto…
Aukeran jarriz gero izango
ote zinan maiorazko?
-5-
Halabeharrez baserriaren
zutabe eta zutarri
izan zinan ta ondorenean
hamar umetxo ekarri.
Aitzurrak eta eskuareak
zure eskuen lazgarri…
Zer zan bizitza zurea edo
zu bizitzaren uztarri?
-6-
Hamar haurride azkar esan det…
ez dira egiten azkar!
Bat besoetan zan ordurako,
bere muki bere makar,
garai haietan horrelaxe zan,
bizitzak beste bat dakar…
Baino inoiz egin ote zenuen
ohe-jolasetan dar-dar?
-7-
Goizean jaiki eta aurrena
kafea jarri danentzat,
gero bazkatu oiloak, behiak,
zakurrak eta aketzak…
Baratze-lanak ere bereak
ditu etxekoandretzak…
Egunak joan eta etorri
ta tarterik ez zuretzat…
-8-
Asteazkenero Tolosan behera
jaisten zinan merkatura,
poltsikoetan dirua zuten
kaletarrekin tratura.
Arrautzaren bat salduta pozik,
kafe pixka bat zakura!
Zu bezelako emakumeen
elkargune al zan hura?
-9-
Astean egun batez behinik behin
haurrak kendurik altzotik,
jaisten zinaten Amezketatik,
Bidaniatik, Altzotik…
Leku babes bat atera nahian
gizarte haren basotik…
Zuen hizketen xuxurlak nere
belarritara datozkit.
-10-
Baino urteak igaro ahala
garaiak ziran irauli,
bukatu ziran zure merkatu,
salmenta eta tertuli.
Atzean utziz ukuilu, ximaur,
belar-lan eta mandeuli,
kalera jaitsi zinan behin eta
ez zinan gora itzuli.
-11-
Seme zaharrenak Arantzazura,
hiru neska Donostira,
ondorengoak fabriketara,
lana ordaintzen zan tokira.
Hamar haurride ta inork ez zion
baserri zaharrari tira…
Inoiz negarrik egin al zendun
sortetxeari begira?
-12-
Ondorengoak iritsi ginan,
nahiz baserria jatorri,
kalekumeetan kalekumeenak,
listo ustez, umezorri.
Maitasun asko izanagatik
hainbat ohitura jatorri,
ez ginan mundu hontara zure
mainari eusteko etorri.
-13-
Baino umetan oroitzen zaitut
labanatxo bat patrikan,
guk hartutako amuarrainen
sabel-barrenei zirikan,
ekonomikan goxo erretzeko
urdaia sartuta tripan…
Geroztik ez det nere bizitzan
hain amuarrain onik jan.
-14-
Arkakusoak eta zorriak
kanpora uxatzearren,
menda-belarra erratz bihurtzen
zenuen askotan Saarren*.
Ze usain gozoa barreiatzen zan
hango atari ta barren,
ordu betera oilo-zirinez
dana zikintzen zan arren.
-15-
Nere barruko oroitzapenak
joan ahala sendotzen,
zuri aldrebes pasa zitzaizun,
danak lausotzen, lausotzen.
Kaixo Amona, Amagoia* naiz,
agurtzen zintudan ozen,
baino ez zenuen nere ahotsa
haur txiki harekin lotzen.
-16-
Sei senideren bigarren ama,
hamar umeren zurkaitza,
zure bizitza hori izan zan:
zaintza, zaintza eta zaintza.
Eskerrak behintzat zure barrura
iritsi zanean gaitza,
jaso zenuen behin ereindako
hazi guztien emaitza.
-17-
Azkenik guztiz airatu zinan,
joan baldin bazinan joan…
Barka zaidazu azken uneetan
ez baninduzun ondoan.
Nik irribarre goxo harekin
gordetzen zaitut gogoan,
menda-belarrak erratz bihurtzen
Saarre* atariko soroan.
-18-
Zure hizkuntzan kantatu dizut,
zenekien bakarrean,
maite zenuen bertso-doinuan
eta molde zaharrean.
Inoiz, agian, sentitzen banaiz
argitasun beharrean,
bertso hauekin berriro ikus
zaitzadan nere aurrean.
*Izenak nahita aldatu du egileak.
Basarri Saria irabazi duen sorta da 2025-07-11
Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16
Atzo zendu zen Kuban 64 urte zituela 2025-06-13
Gaur aurkeztu dute Bilbon 2025-06-10
Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05