Zutabea 2024-04-25

<<Bertsoak badu zerbait, barrua iraultzen diguna. Edo barrua husten laguntzen diguna>>

<<Bertsoak badu zerbait, barrua iraultzen diguna. Edo barrua husten laguntzen diguna>>
BertsoZalea berripapererako idatzitako zutabea.

Mikel Goiriena Lararzabal

Gurekin ez daudenekin hasten da bertsoarekin dudan lehen oroitzapena: gure aititerekin. Elorrixoko Ferixa Nagusikoak ziren, bertan gure aitite, amaren aita, nire izenaren eta bigarren abizenaren iturburu, gure aitari galdezka ea Urkizu Aldatsekua jauregiko eskaileretatik abesten zebiltzan horiek bat-batean ari baziren. Gure Elorrioko aititek ez zekien euskaraz, baina adi-adi entzuten ari zen, miresmenez. Gure aitak baietz erantzun, bat-batean ari zirela.

Bat-batean abestu zion Egañak Himalaian galdutako bere lagun Felixi bertsoarekin dudan nire hurrengo oroitzapenean ere. Berriz ere ez daudenak tartean, kasu honetan telebistatik, baserriko sutondoan.

Laster ikasi nuen nik ere zer zen ez daudenei abeste hori. 16 eta 30 urterekin, errepideak eta itsasoak kendu zizkigun lagun-min biri abestu nien elizako aldaretik. Baita gure Mungiako amomari ere. Elizako isiltasun hori, hilkutxa aurrean, mundu guztia adi, negarrez. Momentu hunkigarriagorik, gutxi.

Bertsoak badu zerbait, barrua iraultzen diguna. Edo barrua husten laguntzen diguna. Ahozko transmisioaren magia agian? Edo neurri mugatuak duen berezko limitazio horrek, lagunduko ahal du 10-8, 8-8 edo 7-6 batean zelan edo halan laburbildu den hori entzuten duenak bere barne bizipenez osatzeko aukera emanez?

Kasua da ze, berdin Himalaiakoak, berdin Fredik edo Amurizak aitari botatakoak, berdin gure lagunenak, gure amomanak, abesten ditugunean “gure” sentitzen ditugula. Beste batenak dira baina gureak dira. Gureak dira baina denonak dira.

Amomari botatako azken berbak honako hauek izan ziren: “betirartean biziko zara gure barruen amoma”. Eta horrela da. Abesten ditugun bakoitzean berpiztu egiten ditugula sentitzen dut.

Gai transzendentaletatik, transistoreetara salto eginda, Erlantz, nola ikusten duzu bertsoak komunikatzeko duen gaitasuna?

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa