Zutabea 2024-05-16

"Distantziak distantzia, bertsolariak beti izan du mozorrotzeko eta doan lekura doala diskurtsoa ulergarri bilakatzeko ezaugarria"

"Distantziak distantzia, bertsolariak beti izan du mozorrotzeko eta doan lekura doala diskurtsoa ulergarri bilakatzeko ezaugarria"

ERLANTZ IBARGURENGOITIA VALLE

Bertsoaren berezko ezaugarria da komunikazioa, kantukideen eta publikoaren arteko elkarrizketa abestuan oinarritzen baita kantu errimatuaren dinamika, hartu eta eman taigabean. Komunikatzea oinarri, erpinak eta koloreak ugariak diren honetan, bertsolariek lortu dute bazter hizkerak gertuago sentiaraztea eta
ezagunak izatea, plazara ekartzea. Musika berean dantza egiten ohitu gara, nork bere erritmo eta mami propioan, nortasuna atxikita, baina ideien zuzeneko transmisio betean. Distantziak distantzia, bertsolariak beti izan du mozorrotzeko eta doan lekura doala diskurtsoa ulergarri bilakatzeko ezaugarria, komunikatzea baitu helburu: buru-garunean sortutako ideia ulergarri bilakatzea entzulearen barru oihartzunean.


Egun gertu ditugu periferietako errima-hotsak, urrun sentitzen genituen diskurtsoak azkar batean heltzen zaizkigu belarri zokora... baina oro ez da urre, eta bizi garen gizarte likidoan gero eta bide estuagoa du bertsoak. Jada pilula txikien garaian bizi gara, ikus-entzunezko formatu laburreko diskurtsoen kontsumoan.

Egunerokotasunaren isla dugu bertsoaren muina, hurbil-urruneko gertakarien kritikari zorrotz ditugu mikro aurreko kantariak eta saioen gidaritzan aritzen direnek ere horixe izaten dute jomugan, bertsolarien argi printzak noiz agertuko.

Puntu luzeen kiribiltasun deabruzkoa, zein laburren zehaztasun neurtua... mementoan kantatuak izanagatik atenporalak ditugu gehienak; urte luzeen joanean indarra galdu ez duten irudi errealeko pelikulak.

Soila, biluzia, unean unekoa eta estatikoa da bertsoa, antigualeko ezaugarriak ardazten dituen eta oraindik orain erakargarri eta komunikatzeko gaitasun betea duena. Azkar batean eta puntu laburretan asetzen den gizartean habanerak egin dezala bide luzea eta, transistorearen uhinak lagun, iraungitze-datarik ez duten diskurtso kantatu eta errimatuen gozamena.

Ez dadila haria eten, biba el verso! Haria, Jon Etxebarria Txontxe, zein da egungo bertsogintza josteko haria?

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu