19:00etan Subijana Etxeko atzeko plazan 2024-06-07
Emakumeen haria jaialdi tematikoa izango da gaur Amasa-Villabonan, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza dagoen Subijana Etxearen ondoan. Udalak antolatu du ekimena, Bertsozale Elkartearen laguntzaz. Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Oihana Iguaran ariko dira kantari, Amaia Agirrek aurkeztuta. Aurretik, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma irudi bat margotu dute eraikinean eta Maialen Lujanbioren bertsoa du irudiak.
Historiaren fardotik
soltatu ta tira
hamar lerro hitzezko
hamar metxa dira
lerrotik errimara
metxatik harira
kanillatatik pasa
ta ahotsa argira...
Eskuen memoria
bertsotan ari da
Subijana Etxea, oihal fabrika 1880tik 1960 bitartean
Bertsozale Elkarteak egun duen egoitza oihal fabrika izan zen 1880tik 1960ra eta Villabonako eta eskualdeko langile asko aritzen ziren bertan, horietatik asko emakumeak. Fanny Alonsok Kotoiaren emakumeak proiektuan Andoain, Villabona eta Bergarako oihal fabriken berri jaso zuen, erakusketak osatuz. Alonsok Subijanako oihal fabrikan langile izandako 18 emakume elkarrizketatu zituen, iraganeko testigantzak jasoz.
Lantegi horretan emakumeek egindako lana ez ezik, Amasa-Villabonako Udalak bertsolaritzan ere emakumeek egindako lana nabarmendu nahi du.
Emakumezko bertsolariak lantegietan bertsotan
Datu historikoek erakusten dutenez, oihal fabriketako emakumeak eta bertsolaritzako emakumeak lotzen zituen haria sendoa zen gainera, Subijana fabrika martxan egon zen garaian: izan ere, oihal fabrikatan bertsotan aritzen ziren, emakume langile bertsolariak, Aña Etxegarai eta Joxepa Antoni Aranbarri Xenpelar kasu.
Subijanako iragana eta oraina uztartuz, oihal fabrikan eta bertsolaritzan emakumeek egindako bidea bistaratzeko ekimena izango da, beraz, ekainaren 7koa.
Egitaraua
Subijana eraikinean bisita gidatua, 17:00etan
17:00etan Subijana etxean bisita gidatua egingo da. Oihal fabrika zaharraren berri emango du Fanny Alonsok, eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak gonbidatuko dira bereziki, elkarrizketan aritzera. Eta egun, Subijanan Bertsozale Elkarteak egiten duen lana azalduko dugu Elkarteko kideok.
Emakumeen haria muralaren inaugurazioa, 18:00etan
Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma-irudian islatu dutena azalduko dute. Maialen Lujanbioren bertsoa ere plazaratuko da ekitaldian.
Oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioa
Bertso saio tematikoak aukera emango digu 1880-1960 urte bitarteko Subijana oihal fabrikaren barrura sartzeko, baita garaian Villabona inguruan bertsolaritzak zuen indarraz jabetu eta fabrikako bat-bateko bertsoaldiak bizitzeko ere, historiako emakume bertsolarien berri ikasiz. Bertsolaritzaren memoria berreskuratzea ere badu helburu bertso saioak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24