Irailaren 14an hasiko da 2024-06-18
Albiste onak bertsozale eta Hitzetik Hortzerako ikusleentzat: datorren denboraldian sei programa gehiago izango ditu eta hilabete eta erdi gehiagoz izango dira bertsoak Euskal Telebistan. Irailaren 14an hasiko da eta apirilaren bukaeran amaitu.
Hitzetik Hortzerak izan zuen ekainera arte izaten zeneko garaia ere baina aspaldiko urteetan sei hilabete pasako iraupena izan du, 26 programa gehi txapelketako finalak. Aspaldiko urteetan izan duen lehenengo luzapena izango da datorren denboraldikoa. EiTB eta Bertsozale Elkartearen arteko lankidetzan egiten den programa da Hitzetik Hortzera.
«Ikusten genuen bazegoela luzatu beharra»
Gaizka Azkarate Hitzetik Hortzerako zuzendariak adierazi duenez «Bertsozale Elkartean ikusten genuen bazegoela denboraldia luzatu beharra. Batetik bertsolaritzaren urte osoko dinamika eta aniztasuna Euskal Telebistara hobeto eramateko eta, bestetik, Hitzetik Hortzerako ikusleei eskaintza zabaltzeko telebistako plazan bertsolaritzaz gozatzeko». Alde horretatik, Azkaratek aurrerapausotzat jo du bertso programa beste hilabete eta erdiz luzatzea eta eskertu du EiTBk Bertsozale Elkartearen proposamenari bide eman izana.
Larunbat gauean ETB1n eta Mirari Martiarena aurkezle
Hitzetik Hortzerako denboraldi berriak ere larunbat gauean izango du hitzordu nagusia eta eutsiko egingo dio ordutegiari: 21:00etan ETB1en. Mirari Martiarenak jarraituko du aurkezle. Eduki aldetik, astero bi berso saioetako bertsoak eta Martiarenak elkarrizketatuko duen gonbidatua izango ditu oinarri nagusiak. Bertso jarriek ere izango dute tokia eta Manex Pagola musikariak musika elektroniko eta tradizionala nahastuko ditu bertsolariek sortuko dituzten sortak musikatzeko «Bertsozaleak gustura hartu ditu bertso sortak eta denboraldi berrian iaz baino 3 gehiagorekin gozatzeko aukera izango da, guztira 10 bertsolari ezberdinen bertso sortak».
Denboraldian zehar beste zenbait eduki ere agertuko dira. Esaterako, Txikitik handira atalean, bertso eskoletako gaztetxoek bertsolaritzari buruzko euren hausnarketak egingo dituzte aurtengoan ere.
Gipuzkoako Txapelketa
Udazkenean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren gertuko jarraipena egingo du Hitzetik Hortzerak, finalaurrekoetatik hasita. Finala zuzenean emango du Euskal Telebistak eta txapeldunarekin programa berezia egingo du ondoren.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24