ETB1n, Mirari Martiarenak aurkeztuta 2024-09-03

Hitzetik Hortzera datorren astean hasiko da eta sei programa gehiago izango ditu

Hitzetik Hortzera datorren astean hasiko da eta sei programa gehiago izango ditu
Larunbat gauean izango da, 21:00etan. Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoak eta finala zuzenean emango ditu.

Hitzetik Hortzera bertso programa datorren astean hasiko da ETB1n, Mirari Martiarenak aurkeztuta, Gaizka Azkarate zuzendari dela. Aurtengo denboraldia berezia izango da eta sei programa gehiago izango ditu: 32 denera eta apirilaren amaieran bukatuko da. Ordutegi aldetik, azken urteetakoari eutsiko dio: larunbat gaueko 21:000etan izango da emisioa eta igande eguerdietan errepikapena. Bertsozale Elkarteak eta EITBk lankidetzan egiten dute Hitzetik Hortzera eta egun ETBko parrilan urte gehien daramatzan programa da.


Hitzetik Hortzerako lantaldea.

Bertsoak, elkarrizketak eta atal bereziak
Irudi eta aurkezpen aldetik Hitzetik Hortzerak dezenteko berritua hartu zuen aurreko denboraldian eta ildo horretatik jarraituko du aurten ere. Eduki aldetik, asteroko elkarrizketak bideratuko du haria eta programaren % 80 bertsoak izango dira. Bertso jarri musikatuak eta aktualitatearen atala ere izango ditu, besteak beste. Instagramen ere izango da aurten Hitzetik Hortzeraren berri.

Gaizka Azkarate: «Aurten ere gauza interesgarriak gertatuko dira»
Gaizka Azkarate Hitzetik Hortzerako zuzendariak iazko «aldaketa esanguratsuak» eta ikusentzuleen «erantzuna paregabea» gogora ekarrita, iragarri du «aurten ere gauza interesgarriak gertatuko» direla Hitzetik Hortzeran:  «Bertsozaleari esango nioke ez galtzeko aurtengo denboraldia, lan-taldea gogotsu datorrelako eta bertso-mugimendua zer esanik ez. Denboraldia luzatu dugu bertsozaleen eskariari erantzunez eta aurrerago kontatuko ditugun gauza bereziak ere izango dira aurten».



Mirari Martiarena: «Ilusioz eta gogoz ekiten diot bigarren denboraldi honetan aurkezle lanei»
Mirari Martiarenak Hitzetik Hortzera aurkezten hasi aurrean iragarri zuen bere ukitua eman nahi ziola programari. Eman zion eta gustura hartu du Hitzetik Hortzerako ikusleak. «Ilusioz eta gogoz ekiten diot bigarren denboraldi honetan aurkezle lanei» adierazi du aurkezle oiartzuarrak. «Aurten horrekin jarraitzea da asmoa. Lan taldean ere oso giro ona dugu eta elkar ongi ezagutzeak gauzak errazago egiten ditu bai kamara aurrean eta baita atzean ere».



Gipuzkoako finalerdiak zuzenean ETB4 eta finala ETB1n
Gipuzkoako Txapelketari gertuko jarraipena eging dio Hitzetik Hortzerak finalaurreetatik aurrera, azarotik abendura: hiru finalaurrekoak zuzenean emango ditu ETB4n eta labupenak Hitzetik Hortzeran. Finala ere zuzenean emango du EiTBk abenduaren 14an. Emisioa ETB1n izango da, lehenengoz. Orain arte herrialdeetako finala ETB4n eman izan dira eta, Bertsozale Elkartearen proposamenari bide emanez, Gipuzkoakoa ETBko lehenengo katean emango du, larunbat arratsaldean.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri