Hitzetik Hortzerarako jarriak 2024-10-08

Denboralea: Izar Mendigurenen bertso sorta

Mendigurenek Psikoanalisi tenporal bat kontatzen du beren lanean, Manex Pagolak musikaz lagunduta.

Izar Mendigurenek jarri du aste honetako sorta Denboralea izenburuarekin eta Manex Pagolak musikaz lagunduta kantatu ditu Hitzetik Hortzerako sorten atalerako. Mendigurenek Psikoanalisi tenporal bat kontatzen du beren lanean.

Denboralea
Doinua: Neska zaharrak eta apaizak II

Harreman gabe gure mundua
ez litzake mundiala
lurrikara bat bezala
Pitzatzen gara ta berreraiki
denbora pasatu ahala.
Ez gara haize, baina aisa gaude
astintzeko tenporala
bakoitzak ebatz dezala
natur fenomeno izan edo
fenomeno naturala!

Itsaso zabal bat da bizitza
zakar, bizi edo bare
sumendi zuloen labe
izan gaitezke erre ezkero
kiskaltzeko kapaz are.
Denbora hondar ale den hontan
egun bakoitza da hare.
Beraz, olatuen pare,
goi zein barnera heldu gaitezen
baina inor ito gabe!

Fenomenoak gara guztiok
euri tanta edo txingor
bihotz edo harri koxkor
bakoitzak dauka bere modua
bere helmuga zein tontor,
baina noizean behin iluntzen da
eta dena dugu konkor;
lanbrotzean ez izan gor:
nahiz ez ikusi eguzkia ta
izarrak beti daude hor!

Baina lasai ez da dena gandu
kolpe, bultzada ta tifoi
tarteka nor ez da trumoi?
Bada jendea hitzez ta eskuz
garbi, baina, asmotan lohi...
harreman denak ez dira onak
boladak bolada otoi,
kinka hortan zaudetenoi:
zikloak hautsi, distantzia utzi
ta izango da antizikloi!

Ildo beretik, nola asmatu
zein den harreman txismista?
mozten gaituen arista,
azkar etorri ta azkar joan
uzten gaituena erdizka!
Ekosistema horrek nahiz eta
pozoi gabe sarri zizta
begiak izuz ez kliska:
azkar lehertzen da baina lasai ez
da itzuliko berriz ta!

Psikoanalisi tenporal honek
ditu hamaika oasi,
arantza, lore ta sasi...
busti behar da, beldurrik gabe
libre bizi ta adierazi
bizitza dira bi egun eta
bat euritan dago kasi
denbora doanez bizi
ilargipean kulunka eta
euripean dantzan bizi!

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-03

Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24

«Oso gustura ari naiz bertsotan eta lortzen dut egindako lana plazara ekartzea»

Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12

Hitzetik Hortzera: Bertsoz-bertso hariz hari