Sariketak 2026-11-19

Egutegiak ekartzen dituen kasualitate horietako bat gertatuko da bihar, lau bertso sariketen finalak egun bakarrean izatea. Egutegiaren kasualitatea eta bertso ekosistema bizi baten seinale ere bai: lau sariketa, lau lurraldeetan eta izaera ezberdinekoak baitira. Bertsoan, guztietarako gonbita luzatzeaz gain bakoitzaren ezaugarriak aletuko ditugu.
Errexil saria Urruñan
Aurrez ere aipatu izan dugun moduan, Bertsularien Lagunak elkartean antolatzen du sariketa, Urruñako herriko etxearen laguntzarekin. Bi saio eta finala izan ditu aurtengoak eta adin eta bertsokera oso ezberdineko 12 bertsolarik hartu dute parte, Euskal Herriko lurralde guztietakoak. Finalera sei hauek sailkatu dira: Eneko Abasolo “Abarkas”, Haira Aizpurua, Irati Alcantarilla, Xabi Maia, Haizea Arana eta Oihana Arana. Antton Lannes izango da gai emailea. Aurreko saioak bezala, Urruñako Postako gelan egingo da finala ere 19:00etan, sarrera doan delarik. Bertso arratsalde ederraz gozatzeko aukera beraz Urruñan.
Muxikatuaren finala Lezon
Lezo Piztu Gazte Asanbladaren eskutik dator Muxikatua sariketa, laugarrenez. Izenak iradokitzen duen moduan, musika eta bertsoa uztartzen dituen sariketa da, eta oro har, bertsolari zein publiko gazteari zuzendua da. Launa bertsolariko bi saio musikatu egin ostean, gaueko 22:00etan izango da finala Lezoko Txerrimuinon. Hauek dira finalistak: Oihana Iguaran, Ekhi Mateorena, Haira Aizpurua eta Gorka Pagonabarraga. Musika zuzenean eskaintzen izango direnak Libe Goenaga, Gorka Izulain eta Ane Wacker. Gazte Asanbladako kideek egiten dituzte gai jartzaile lanak. Bertso saio musikatuen zaleentzat aukera ederra Lezon.
Mariano Izeta sariketa, Erratzun
Nafarroako bertsolari gazteei zuzendutako da berriz Mariano Izeta sariketa, 12garren edizioa du aurtengoa. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatuta, saio bakarrera jokatuko da sariketa aurten, saioak berak hiru atal izango dituen arren. Zortzi bertsolari gazte hauek hartuko dute parte: Antton Ciriza, Endika Legarra, Idoia Granizo, Julen Bernaldo de Quiros, Kattin Madariaga, Malen Alzuart, Mikel Lasarte eta Patxi Bueno. Iratxe Legarra izango da gai jartzaile. Saioa Erratzuko Etxelebert elkartean izango da 19:00etan.Nafarroako bertsolari gazteez gozatzeko parada, beraz, Erratzun.
Aramaioko kopla txapelketa
Zazpigarren edizioa du aurtengoa Aramaioko kopla txapelketak. Hau ere egun bakarreko txapelketa da, oso festa girokoa. “Lehen bi errondak kalean egiten ditugu, goiko tabernaren parean lehena eta beheko partean bigarrena. Gero bertsolari denek afal osteko saioan hartzen dute parte“ azaldu digu Sabin Abarrategi Aramaioko bertso eskolako kideak. Zortzi bertsolari hauek hartuko dute parte aurtengoan: Maider Arregi, Iraide Onaindia, Urko Arregi, Iñaki Viñaspre, Amaia Agirre, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Janire Arrizabalaga. Adin eta bertsokera ezberdinak nahasian izango dira Aramaion. 19:30etan hasiko da kaleko saioa, 20:30etan izango da afaria Iturrieta sagardotegian.
Ostiral honetan, beraz, Txapelketa handiaren itzalpean bertsoaren ekosistema ureztatzen duten lau sariketa ditugu. Goza dezagula.