Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Txirritaren bertsogintzari buruz eta lehen plazari buruz hitz egingo dute aste honetako Hitzetik Hortzeran. Horrekin batera Loiuko eta Irurako jaialdietako bertsoaldiak izango dira larunbat gauean ETB1en.

Joxe Manuel Lujanbio Txirritak lehen plaza egin zuela 150 urte betetzen dira aurten, urrian hain zuzen. Txirritak berak bere bertsotan kontatzen du bere lehen plazaren data: Mila zortzirehun hirurogita/hamalau urte urrian/Lehenengo plazan kantatu nuen/nik Hernaniko lurrian (...)  Urteurren hori aitzaki hartuta Ereñotzun izango da Hitzetik Hortzera aste honetan. Aritz Zerain Ereñotzuko auzotarraekin hitz egingo du Mirarik, Txirritak auzoan duen presentzia, lekua eta loturari buruz. Ereñotzutik Errenteriara bizitzera gaztetxoa zela joan arren, bere bertsoek erakusten duten bezala beti mantendu baitzuen lotura jaioterriarekin Txirritak.



Txirritaren bertsoei begira ere jarriko dira Hitzetik Hortzeran. Horretarako Unai Agirre eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin ere elkartuko da Mirari. Txirritaren bertso asko irakurri eta ikasitakoak baitira bai Agirre eta baita Irazu ere. Txirritak utzitako ondarea, mundu ikuskera eta euren bertso ibilbidean izandako eraginari buruz ere arituko dira.

Saioaren bukaera aldera, hiru elkarrizketatuak elkartuko ditu Martiarenak eta lehen plazari buruz hitz egiteko tartea hartuko dute. Elkar ongi ezagutzen dute Aritz Zerain, Unai Agirre eta Jexux Mari Irazuk, bertsotan elkarrekin askotan aritutakoak dira eta plazan lehen aldiz bertsotan egin zutenekoaz arituko dira.

Loiu eta Irurako bertsoaldiak
Astero bezala, bi bertso jaialditako bertsoaldiak izango dira Hitzetik Hortzeran. Loiuko Lauroeta auzoko jaietan egindako bertsoaldiak batetik. Iñaki Beitia “Arbildu”-k egin zituen gai-jartzaile lanak eta bertsotan aritu ziren Oihana Bartra, Igor Elortza, Aitor Etxeberriazarraga eta Etxahun Lekue.



Bestetik, Irurako festetako jaialdia izango da. Amaia Agirre gai-jartzaile zela, bertsotan aritu ziren Uxue Alberdi, Sustrai Colina, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze.

Hitzetik Hortzera, larunbatean, 21:00etan ETB1en.



Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza