Finala Garesen urriaren 26an 2024-10-15

Nafarroako Bardoetako finalistak: nor da nor

Nafarroako Bardoetako finalistak: nor da nor
Baztan eta Bortzirietako hiru talde sailkatu dira finalerako: Baztango Baztanzopak, Bortzirietako ‘Hor gu!’ eta Baztan-Bortzirietako ‘Mutilatuak’. Sarrerak eskuragarri daude

Ligaxka fasea eta finalaurrekoak igarota, Nafarroako Bardoak finalaren atariak jarri dira. Urriaren 26an izango da bukaerako festa Garesen. Bortzirietako eta Baztango hiru talde ariko dira finalean kantuan: Baztanzopak, Hor GU eta Mutilatuak taldeak.

Nor da nor? Taldekako Txapelketen ezaugarrietako bat autoantolakuntza da eta kasu honetan talde bakoitzak definitu du bere burua ere. Hementxe hiru taldeak, beren burua definitu bezala:

Baztanzopak taldea

Parte-hartzaileak: Malen Alzuart, Alazne Untxalo, Irati Majuelo, Amaia Elizagoien, Ane Fagoaga, Markel Adin, Maddi Etxebeste eta Lierni Oteiza.



«Baztandik heldu gara, eta zeintekuak garen jakin nahi baduzu.... Betikoak eta berriak gara. Izaten ahal gara bide bazterreko amapola: zaintzaile, goxo, eder, modox... Baina baita belarri gibelean dantzan darabilzun zorri koipetsu hori ere; errimaz eta doinuz irauliko zaituena. Saioa akitu ondotik edanen dituzun 100 patxaranek ez dute gu lixeritzeko balio, eta ez gara biharamuneko ibuprofenoak eraginen dizkizun albo-kalteen erantzule eginen. Zoro, zerri, zorri... Zoragarri... Guri bortz. Bozak ongi goratuta igango gara oholtzara: ezinen gaituzu hain aise bihurtu numero, kantari iratzartzen gara goizero-goizero».

Hor GU taldea

Parte-hartzaileak: Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena, Kattin Madariaga, Estitxu Arozena, Ane Telletxea, Lide Igoa, Uxue Mesa eta Iratxe Muxika.



«Bortzirietako belaunaldi ezberdinetako emakumeak biltzen dituen taldea. Ahizpatasunez elkar babestuz kantari ariko diren sorginak».

Mutilatuak taldea

Parte-hartzaileak: Julen Zelaieta, Eneko Fernandez, Patxi Castillo, Urko Gartzia eta Iban Garro.



«Bortziriak eta Baztango mutilek osaturiko taldea gara, denak adin batetik goitikoak izaki, gure heldutasunetik, esperientzia eta bertsotarako gogoak lagun, Bardoak ekimenari gure ukitua emateko prest gaudenak».


Albiste gehiago

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak