Gipuzkoako Txapelketa - finalaurreak 2024-11-12

Gipuzkoako finalaurrekoak igandean hasiko dira Oiartzunen

Gipuzkoako finalaurrekoak igandean hasiko dira Oiartzunen

Gipuzkoako Txapelketako finalaurreak igande honetan hasiko dira Oiartzunen: Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Nerea Elustondo Plazaola eta Oier Etxeberria Zubimendi ariko dira kantuan, Ane Ezenarro Beristainek aurkeztuta. Elorsoro Udal Kiroldegian izango da hitzordua, 17:00etan hasita. Irabazlea finalera sailkatuko da zuzenean.

Bi bertsolari berri finalaurrekoetan eta hiru 2019an ere Oiartzunen kantatu zutenak
Oiartzungo taldean sei bertsolaritik bik lehenengo aldiz kantatuko dute Gipuzkoako finalaurrekoetan: Eli Apezetxeak eta Oier Etxeberriak. Horrez gain, zoriak hala erabakita, seitik hiru bertsolarik finalaurreko berean kantatuko dute. Beñat Gaztelumendik, Ane Labakak eta Asier Azpirozek duela bost urte Oiartzungo finalaurrekoan kantatu zuten.

Ganbara ofiziotan eta saioaren erdian
Bertsolariek 17 bertso puntuagarri kantatuko dituzte eta ariketetan izango da berezitasunik fase honetan: ganbara saio erdian eta ofiziotan izango da, sei puntuko motzean. Lehenengo fasean ere Ganbara hirugarren ariketa izan zen, baina orduan banaka.

Horretaz gain, ohiko ariketak izango dira finalaurrekoetan. Hori bai, zortziko txikian launa bertso kantatu beharko dituzte eta horrek horren badu bere eragina ofizioaren garapenean. Puntuka ere launa bertso botako dituzte baina hiruren balioaren gainean epaituko da.

Hona hemen ariketak eta hurrenkera:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiru bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian launa bertso.
  • Ganbara: binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean, hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Finalaurreko epaile taldea
Finalaurrekoetan honako epaile talde hau ariko da: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Mikel Lersundi Ayestaran. Idazkari lanetan Aratz Irazustabarrena Garmendia.

Sarrerak, betiko moduan, bertsosarrerak.eus atarian izango dira, eta egunean bertan Elorsoroko txarteldegian; aurretik bukatzen ez badira. Kiroldegiko ateak, finalaurrekoa izaki, 16:00etan irekiko dira.

Zuzenean Bertsoa.eus-en eta ETB4n
Gipuzkoako hiru finalaurreak zuzenean jarraitu ahal izango dira Bertsoa.eus-en eta ETB4. Bertsoa.eus-ek ere ETBko emisioa txertatuko du webgunean. Ilaski Serrano ariko da aurkezle eta Jon Martin aditu gisara.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri