Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02

Gipuzkoako finala: emakumezko bertsolariak gehiengoa lehenengoz, hiru finalista berri eta bi gazte

Bost finalista 10 punturen barruan sailkatu dira. Maider Arregi gelditu da bederatzigarren puntu batera eta Unai Mendizabal hamargarren, finaletik 7,5 puntura. Agin Laburu, 2019ko txapeldunordea, ez da sailkatu.

Umeen bertso-eskolen sorrera kabian berritu zen atzo Arrasaten 2024ko Gipuzkoako Txapelketako finaleko argazkia. Zortzitik bost postu oso zabalik zeudela iritsi zen azken finalaurrekoa eta, txapelketa gehienetan bezala, gauzak oso tarte estuan erabaki ziren. Zortzitik bost finalista 10 punturen barruan sailkatu ziren eta bederatzigarrena puntu bakarrera gelditu zen.

Hiru finalaurreko jokatuta, Gipuzkoako finalean inoiz ikusi gabeko argazkia utzi du txapelketak: historian lehenengoz emakumezko bertsolariak gehiengoa izango dira oholtzan. Maialen Lujanbio eta Amaia Agirre izan ziren lehenbizikoak 2003an. Lujanbiok jantzi zuen txapela eta geroztik ez du parte hartu izan. 2007ko finalean ez zen emakumezko bertsolaririk izan Gipuzkoako finalean eta 2011ean Alaia Martin sartu zen; 2015ean Alaia Martin eta Oihana Iguaran; 2019an lau izan ziren: Ane Labaka, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Alaia Martin.

Hiru finalista berri aurtengoan
Bestalde, 2024ko Gipuzkoako finalak hiru finalista berri izango ditu abenduaren 14an: Eneritz Artxetxe azkoitiarra, Andoni Rekondo hernaniarra eta Aner Euzkitze zarauztarra, hurrenkera horretan sailkatuta. Hiruak udaberriko fasean hasita sailkatu dira.

Eneritz Artetxek 2015ean kantatu zuen azkenengoz Gipuzkoako Txapelketan eta 2019an antolakuntza lanetan ibili zen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaile gisa. Bolada batez bertso jarduna eta bertso-eskolako martxa nahiko utzita egonda itzuli da txapelketara, aurretik plaza bakan batzuk eginda. Hondarribiko final-zortzirena irabazi egin zuen eta Zarauzko finalaurrekoan bigarren egin zuen, Alaia Martinen atzetik. Bosgarren puntuazio onenarekin sailkatu da.

Andoni Rekondok ez ohiko bidea egin du bertsotan: 19 urtekin hasi zen bertso-eskolan; 2023an Lizardin txapeldunorde gelditu zen, kanporaketan azken momentuan eta ordezko gisa parte hartuta eta geroztik parte hartu duen sariketetan aurreko puntan ibili da. Bertso-afari batean berak bertsotan bota berri duenez, aurten azaroaren 22an egin du Rekondok bere lehen plaza Hernanitik kanpora, herri batetik berari propio deituta. Urretxun final-zortzireneko saioa irabazi eta atzo Arrasaten bigarren egin zuen, Oihana Iguaranen atzetik. Zazpigarren postuan sailkatu da.

Aner Euzkitzek eskarmentu handia du gazte sariketetan. Azken urteetan irabazi edo bigarren egin du ia denetan. Azken bi urteotan zenbait jaialdi nagusietan ere kantatu izan du zarauztarrak. Udaberriko fasean multzo buru gelditu zen Aner eta 18 pustuan sailkatu zen finalaurrekoetarako. Zarauzko finalaurrean hirugarren egin zuen 512 punturekin eta finalerako txartela eman dio puntuazio horrek. Zarauzko saioan bota zuen hasierako agurrak bertso batek sarean inoiz izan duen zabalkunderik handiena izan du, 300.000 ikustalditik gora X sare sozialean.

Bertsolari Gazte onenaren Saria jarri du aurten antolakuntzak 25 urtez beherako bertsolarientzat. Rekondo eta Euzkitzeren arteko buru-buruko propioan erabakiko da sari hori, Illunben bertan.

Beñat Gaztelumendi sailkapen buru
Gipuzkoako finalak berrik beste du jarraipenetik. 2019an bezalaxe, 2024an ere Beñat Gaztelumendi egungo txapelduna sailkatu da finalera sailkapen buru 560 punturekin, oiartzunen saio borobila eginda. Horrez gain, hiru finalaurrekoak aurreko finalistek irabazi dituzte eta aurreko sei finalistetatik bost berriz ere Illunben izango dira. Seitik bostek eutsi diote beraz beren finaleko postuari. Puntuazioaren baitan, Gaztelumendi, Labaka eta Martin lehen hiru postuetan. 2019tik koska nabarmenena Ane Labakak egin du. 2019an bosgarren sailkatu zen puntuazioaren beheko taldean eta aurtengoan bigarren sailkatu da puntuazioaren goiko langan.

Gaztelumendi, Martin eta Iguaran dira Gipuzkoako finalean esperientzia gehien duten hiru bertsolariak: bosgarren finala du Beñat Gaztelumendik; laugarrena Alaia Martinek; eta hirugarrena Oihana Iguaranek. Ane Labakak eta Nerea Elustondok, bigarrena; Eneritz Artetxek, Andoni Rekondok eta Aner Euzkitzek, lehenbizikoa.

Sarrerak eskuragarri www.bertsosarrerak.eus atarian
Gipuzkoako finaleko sarrerak eskuragarri daude eta orain arteko saioetako jendetza ikusita, badirudi finalak ere oso itxura ederra hartuko duela.