Zelaieta zentroko auditorioan 18:30etik aurrera 2024-12-03

Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finala gaur Zornotzan, 10 bertsolari kantuan direla

Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finala gaur Zornotzan, 10 bertsolari kantuan direla

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finala jokatuko da gaur Zornotzan 10 bertsolari gazte kantuan direla. Gaztetxoen saioa izango da lehenbizi taldeka eta helduena ondoren, bikoteka.

18 urtez beherakoetan sei bertsolari ariko dira kantuan, bi taldetan. Batetik, Garazi Ibarretxe, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz Sagutxo Kaskarinak 2.0 taldeko ordezkari gisa; bestetik, Amaiur Betanzos, Ekhi Zuluaga eta Iradi Barrenetxea Puntuak eta komak taldeko ordezkari. 18:30etan hasiko da saioa.

Bigarren saioa 18 urtez gorakoena izango da eta bikoteka jokatuko da aurten lehenengoz. Finalean bi bikote ariko dira: Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga, Team Rocket taldetik; Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza, Okerbidea taldetik:

Finalean bertan, hainbat berrikuntza egongo dira, eta sari ekonomikoez eta txapelaz gain, beste hainbat kontu ere izango ditugu. Tartean, Unai Gaztelumendi bertsolaria eta marrazkilaria egongo da zuzenean parte hartzaileen karikaturak egiten, Unai Iturriaga bertsolari, idazle eta sortzaileak egindako ilustrazioa banatuko zaio kantakera onenari eta publikoak ere izango du bere saria, taldeak animatzeko pankartarik onenak ere jasoko baitu saritxoa.

Saioa publiko orokorrari zuzenduta dago eta Idoia Anzorandia antolatzaileak saioa entzutera etortzeko gonbidapena luzatu du.

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza