Plazan eta txapelketan bide luzea eta zubi-lana 2025-01-14
Mixel Aire Etxebarren Xalbador II bertsolari eta bertsojartzaile urepeldarra zendu da, 80 urte zituela. Etxetik heldu zitzaion bertso mundua Mixel Aireri eta 1967an egin zuen lehenengo plaza Hazparnen, Mattin, Jon Lopategi, Ezponda eta Fernando Aire Xalbador aitarekin. Geroztik bertso bide luzea egin du plazan zein txapelketan. Euskal Herri osoan barrena kantatu zuen Mixel Airek. Txapelketan, hiru aldiz jantzi zuen Nafarroako Txapela 1980an, 1985ean eta 1988an. Txapelketa Nagusiko hiru ediziotan izan zen oholtzan 1986an, 1989an eta 1993an.
Xalbadorren "entrenamenduak" entzun zituen
Mixelek bere lehen bertsoak etxean entzun zituen. Hala kontatzen du Bertsoa.eus-en, Bertsolari Bertsozale podkastean. Xalbadorrekin lanketa egitera joaten ziren zenbait jende, Teodoro Hernandorena aipatzen du bat, eta gogoan du aita haiekin bertsotan aritzen zenekoa. Plazan entzun zuen lehen bertsoaldia, aldiz, Alduden entzun zuen. Uztapide eta Xalbador izan ziren, bera oso gaztea zela. Mixel Itzainak jarri zien gaia biak aldamio gainean zela eta hondatzen hasia zela. Bietako batek jauzi egin ezkero bestea salbatu zitekeela. Gerorako gelditu zen bertsoaldi antologikoa egin zuten Xalbadorrek eta Uztapidek. Hantxe zen Mixel entzule.
Xilaba proiektuari bertsotan babesa eman ziona
Mixel Aire txapelketen aldia utzita zela etorri zen Iparraldeko Txapelketa propioa abian jartzeko ekimena 2008an, Bertsularien Lagunak elkartearen eskutik. Mixelek zubi-lan handia egin zuen proiektuan eta agur gogoangarri batekin agurtu zuen Xilaba Luhuson: Gu hemen izanen gira / zuek hor bazirezte kantatu zion bertsozaleari.
Bertso-jarrietan ere egin zuen lanik Mixel Airek, baita saririk irabazi ere. Bertso jarri ezagunetako batzuk: Ameriketan bakarrik (1969an saritua); Argia ta Ama; Agur Jaun Bikario Jenerala; Herri Urrats Senperen; Urepeletik doakigun jaun erretorrari; Etcheverry apezaren jubilaua eta Euskaldunak Ameriketan.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-02-06
Maddalen Arzallus Antia - Bertsolari Bertsozale Podkasta - Aurrerapena 2025-02-06
Otsailak 4 santa ageda bezpara 2025-02-04
Otsailak 4 santa ageda bezpera 2025-01-31
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-30