2017-05-19

Bertsoberriz Altsasun zikloa martxan

Altsasuko Kima Euskara Taldeak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, martxan da Bertsoberriz Altsasun izeneko zikloa. Ekimen berri honek bertsolaritzaren zaletasuna zabaldu eta sustatu nahi du Altsasuko eta, oro har, Sakanako herritarren artean. Horretarako, bertsogintzaren alor ezberdinak erakusten dituen zikloa antolatu dugu.

Oraingoan bertso saioaren txanda da, puntako bertsolarien parte-hartzearekin. Larunbaterako, azaroaren 15erako, antolatu dugu Altsasuko Iortia kultur gunean, 20:00etatik aurrera.
Eszenatokian honako bertsolariak izanen dira: aurtengo Arabako txapeldun eta txapeldunorde diren Asier Otamendi eta Manex Agirre; Nafarroako txapeldun eta txapeldunorde diren Julen Zelaieta eta Jon Barberena; Gipuzkoako txapeldun den Aitor Mendiluze eta 2004an Bizkaiko txapeldun izandako Igor Elortza.

Bertsozale zorrotzena ere asetzeko moduko kartela. Sarrerak 3 eurotan izanen dira salgai Iortia kultur gunean. Sarrerarekin batera Joxe Iriarte Zufiaurre, Ttotto, bertsolaria eta bere garaiko Altsasu liburua erosten duenak 12 euro ordaindu beharko ditu. Antolakuntzaren aldetik bertso saioarekin gozatzea besterik ez dizuegu opa.

Zikloa despeditzeko hitzaldi bat dago iragarria. Altsasuko seme eta bertsolari zen Jose Iriarte Zufiaurre, Ttotto, bertsolariaren berri izateko aukera izanen dute Iortia kultur gunera hurbiltzen direnak. Aipatu bertsolariari buruzko liburua publikatu zuen duela bi urte Kima euskara taldeak. Lan haren idazketan aritu ziren Alfredo Alvaro Igoa eta Josema Leitzak hartuko dute hitza, bertsolariaren bizitzaren eta bertsokeraren berri emateko.

Hitzaldia, esan bezala, Iortia kultur gunean izanen da, azaroaren 20an, ostegunarekin, 19:30ean. Han elkar ikusiko dugulakoan, bitartean ongi izan.



Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Jexux Mari Irazu

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Jexux Mari Irazu

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu