Atzetik gelditu dira, hurrenez hurren, Julio Soto, Aitor Sarriegi, Jone Uria eta Onintza Enbeita.
Gaur bukatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehenengo itzulia. Hendaiako Beltzenia pilotalekuan izan da saioa. Aretoa bete egin da. Honela gelditu da sailkapena:
1.- Amets Arzallus 704 puntu
2.- Jon Maia 679 puntu
3.- Julio Soto 652,5 puntu
4.- Aitor Sarriegi 651 puntu
5.- Jone Uria 634 puntu
6.- Onintza Enbeita 631 puntu
Honenbestez, Amets Arzallus zuzenean sailkatu da hurrengo itzulirako. Iruñeako Anaitasuna pabilioian kantatuko du, azaroaren 22an. Gaurkoa azken saioa izanik, honako bertsolari hauek ariko dira bigarren itzulian:
1.- Maialen Lujanbio 708,5 puntu
2.- Amets Arzallus 704 puntu
3.- Aitor Mendiluze 680 puntu
4.- Jon Maia 679 puntu
5.- Miren Amuriza 655,5 puntu
6.- Julio Soto 652,5 puntu
7.- Aitor Sarriegi 651 puntu
8.- Sustrai Colina 646 puntu
9.- Beñat Gaztelumendi 644,5 puntu
10.- Iñaki Zelaia 643,5 puntu
11.- Uxue Alberdi 637,5 puntu
12.- Jone Uria 634 puntu
13.- Onintza Enbeita 631 puntu
14.- Arkaitz Estiballes 630,5 puntu
15.- Igor Elortza 629 puntu
16.- Unai Iturriaga 626 puntu
17.- Iñaki Gurrutxaga 626 puntu
18.- Jon Martin 619 puntu
Zuriñe Iarritu aritu da gaur gaiak jartzen. Honako hau izan da kartzelako gaia: "Etxeko balkoian "salgai" papera zintzilikatzen ari zara". Bertsolariek bide ezberdinak hartu arren, gehienek jo dute diru-arazoen bidetik. Jone Uriak bere harremana bukatu dela esan du, eta horregatik saldu duela etxea.
Bertsoa.com-ek ez du saioa zuzenean ematerik izan, estaldura faltarengatik.
Julio Soto: "Sailkapenak ez dit presiorik ematen"
Julio Soto gustura zegoen saioaren ondoren. "Nik uste saio ona izan dela. Plaza ere kristorena zen, emozio handia zegoen eta saioa oso ona iruditu zait. Nire lanarekin ere gustura geratu naiz, baina pena txiki bat daukat: zortziko txikian bertso batek ihes egin dit eta bigarrenak ere bai, pixka bat. "
Une honetan seigarren da sailkapenean gorritiarra. Hala ere ez omen du presiorik nabaritzen. "Badakit gauzak asko aldatuko direla bigarren itzulian. Errealista izanda ez dut aukerarik izaten, baina egina egina dago."
Onintza Enbeita: "Sentsazio oso ona daramat"
Pozik zegoen Onintza Enbeita ere. "Saioarekin oso gustura geratu naiz. Agian bakarkakoan hartu nezakeen arrisku gehiago, baina ofiziotan ondo ibili naizela uste dut eta oso gustura geratu naiz. Sentsazio oso ona daramat akatsak akats."
Jone Uria: "Nire saioarekin ez noa hain gustura"
Jone Uriak bi sentsazio ezberdin bizi izan ditu gaur. "Orokorrean saioarekin oso gustura geratu naiz. Ikusten nuen giroa ona zela, saioa ondo zihoala... Txalokada horiek entzun eta zu oholtzan egotea oso polita da. Nire saioarekin ez naiz hain gustura geratu. Zortziko txikian gaia gaizki ulertu dut eta erantzuten aritu behar izan dut. Bakarka ere bigarren bertsoa joan egin zait, baina gustura noa orokorrean."
Amets Arzallus: "Sailkapenarekin baino gehiago sentsazio goxo honekin gelditzen naiz"
Pozik zegoen Amets Arzallus ere. "Ni saioarekin oso gustura geratu naiz. Hasieran uste dut ondo hasi naizela eta bukaerara arte nahiko ondo eraman dudala. Beti ezin da goitik joan, batzuetan izan dira bestelakoak. Oholtzatik sumatzen zen berotasunean asko gozatzen ari nintzen eta sumatzen nuen denak ere olatu horretan geundela. Sailkapenarekin baino gehiago sentsazio goxo horrekin geratzen naiz."