Manex Pagolak musikaz lagunduta 2025-04-24
Irantzu Idoate Funosas bertsolariak antsietateari buruzko bertso sorta jarri du, Trumoia ortzi beltzean hoska doinuan eta Manex Pagolak musikatu ditu. Hona hemen sorta:
Dardarka hasi zaizu ezpaina
geldi arazi nahi duzu baina
antsietateak estutu dizu
berriz eztarriko zaina (bis)
Psikologoak erran zizun har
zeniezaion tamaina
berak hartu aitzin gaina
iraganera begira soilik
uler liteke oraina. (bis)
Ezin poliki arnastu lasai
bi malko ttiki ta begiak blai
oroitu zira klasean nola
zinen guztieri irrigai (bis)
Irain artean zenbat iseka
gorputzarekiko epai
umeak umeen etsai
hitzez ez zira oroitzen baina
sentitu zinuenaz bai. (bis)
Bildu eskuak papo gainera
arnas estuak sortu minera
lehen musuak ta lehen maitasunak
zenbat bizipen minbera! (bis)
Lehen harreman heteroetan
ilusioen gainbehera
ta berriz irudi bera
posible al zen harremantzea
berdinetik berdinera. (bis)
Barne borroka ez duzu errez
oihu bat bota eta ezer ez
zenbat alditan isildu ziren
urrundu nahian liskarrez (bis)
egunak betez hala zabiltza
konpainiaren beharrez
ardurez, eginbeharrez
nahiz eta gaua pasako duzun
bakarrik eta nigarrez. (bis)
Barneratu ez ta ezin irten
barneko hutsez nahi ta ezin ken
hasierako bola ttikia
nola haunditzen ari den. (bis)
pentsatzen hasi eta atzean
une oro da sufrimen
ta ez zinuke jakinen
noizbait benetan zoriontsua
ere izan ote ziren. (bis)
Bi Lorazepan sartuz ahora
azken hatsetan burua gora
berriz aintzina egin nahi duzu
nahiz eta ez jakin nora. (bis)
Zinen haurrari emanez gero
sendatu dadin denbora
beharko den erritmora
zauriek zugan iraunik ere
mina desagertuko da. (bis)
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05