Bertsoikasgela.eus-en eskutik 2025-05-14
Iñaki Artola pilotari eta bertso eskolako irakasleak kirol lehiari buruz bertso sorta hau jarri zituen bere bertso eskolako ikasleekin abesteko. Bertsozale Elkarteak musikatu eta Bertsoikasgela.eus atarian jarri du entzugai, beste hainbat sortarekin batean. Sortaren lehen bertsoa eta azkena Artolak berak kantatzen ditu. Gainerakoak Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek. Ainhoa Elizondok (eskusoinua) eta Manex Pagola (biolina) eta Ainhoa Sarasuak (gitarra) jarri dute musita. Odei Barrosok egin ditu ekoizpen lanak.
Galdu ta irabazi
Doinua: Urzo xuri pollit bat A
1.
Galdu ta irabazi
irabazi, galdu
bataren bila eta
bestea azaldu
onenak ere hortik
ez daudela salbu
gogoan izatea
komeniko zaigu.
2.
Tarteka jolastea
oso ondo dago
guk aukeran ordea
jokatu nahiago
musean ere berdin:
txikira hordago!
Hori bai, galtzeko prest
egon beharra dago.
3.
Ekartzen duen arren
batzutan negarra
pena ta zer hobetu
pentsatu beharra
galtzean pizten da maiz
barruko indarra
mingarria da baina
ez da beti txarra.
4.
Batzuk aitzaki bila
beti eta nonahi
bere bikoteari
errua bota nahi
horrela dabilena
nahastuta dabil, ai!
Partida gal lezake
laguna ere bai.
5.
Inorri ez baitzaio
galtzea gustatzen
ni ere aritzen naiz
biraoka ozen
pilota ostikoz ta
harrika botatzen
ta gero pentsatzen dut:
hainbesterako al zen?
6.
Irabaztea dugu
gauza mundiala
poztu eta ospatu
behar den bezala!
Ikusiz saiatzeak
saria daukala
lanean jarraitzeko
balio dezala!
7.
Aurkarien aurrean
bazabiltz saltoka
ez ahaztu borobila
dugula pelota
hurrena zu geratu
zintezke lur jota
beraz, kontuz ibili
gandorra igota.
8.
Biek ere badute
arriskurik berez:
galtzean sentitzea
txar hutsa ahalez
irabaztean berriz
jainko txiki bat lez
bata ez da egia
bestea ere ez.
9.
Kirolak jarri arren
bat bere lekuan
batzuk behean eta
besteak altuan
sari potoloa ez
dator talentuan
baizik eta gozatzen
dugun momentuan.
10.
Kantxa baten barruan
nahiz aldageletan
hau da, jokoan bertan
nahiz harremanetan
guztion helburua
ez al da benetan
onena ematea
zentzu guztietan?
11.
Lehiak ze irakaspen
ta dibertimendu
kantxan hasi ta buka
egingo bagendu
ta beti kirolaren
mugetan mantendu
handik kanpo mesede
gutxi egiten du.
12.
Irabazi ta galdu
galdu, irabazi
bi aurpegiak txanpon
berean doazi
edozein alorretan
nahi badugu hazi
horixe da erronka:
bitatik ikasi.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05