Gaur jokatu da Aramaion 2025-05-24

Jokin Onaindia Arabako Eskolarteko txapeldun

Jokin Onaindia Arabako Eskolarteko txapeldun
Jokin Onaindia eta June Astegieta izango dira Arantzako Euskal Herriko Eskolarteko finalean kantuan arituko diren finalista arabarrak.

Jexux Mari Irazu

Aramaioko Kultur Etxean jokatu da larunbatarekin 30. Arabako Eskolarteko Txapelketako finala. 14 eta 18 urte bitarteko sei finalista gazteak aritu dira kantuan: Anitz Abarrategi, Garai Agirre, Jokin Onaindia, June Astegieta, Maia Ortiz de Zarate eta Urko Lafuente Peru Abarrategiren aginduetara.



Zortziko handian bina bertso kantatu behar izan dituzte lehenik, batxilergoko notak, zortzimilako mendietara espedizioak eta gurasoak izan dituzte hizpide. Zortziko txikiaren txanda izan da hurrena udalekutan, jatetxe exotikotan eta alaba-aita arteko elkarrizketetan murgilduta igaro dira umore ederrean. Bakarka puntuei azkar erantzun ostean, gaiari bertso bat botatzeko ordua izan da.

Ekaitz Samaniego, Endika Jimenez, Aitor Jimenez eta Egoitz Martinez de Albenizek osatu duten epaimahai eta hauek emandako puntuaziaoren arabera, ekainaren 14an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean Jokin Onaindia eta June Astegieta arituko dira Arabako ordezkari gisa. Bertara hurbiltzera gonbidatu nahi ditugu Arabako bertsozale guztiak.

Aroa Arrizubieta Arabako bertsolari txapeldunak jantzi dio txapela Onaindiari eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa ere jaso du haren eskutik.
  

Hemen txapeldunaren agurra:

Zapatu arrratsalde honetan
ekintzau abesteari
ta urtez urtez nibela igo dala
hori bai  dala nabari
kaixo esango diot gaurkoan
nik Euskal Herrikoari
mila esker eta muxu handi bat
etorri den jendeari

Arabako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko txapelketa.

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza