Txirristaka bertsopaper lehiaketa 2025-07-07

'Baina bat soberan' Ekaitz Goikoetxearen sorta irabazlea

'Baina bat soberan' Ekaitz Goikoetxearen sorta irabazlea

BAINA BAT SOBERAN

Doinua: Jardin bat zuretzat – Xabier Lete

1.
Dena zenean hil(,)beltz,
urri ta abendu,
ez libertate eta
ez libertimendu,
karea ta beruna
ziren nabarmendu,
nahiz ordutik berrogei
urtera gauden gu,
min hau oraingoa da
ta min ematen du.

2.
Bihotzei idatzi nahi
diet aurpegira,
lehendabizi tiro
ta ondoren, tira;
gure herrian egin
duguna hori da,
hitzerdika ta beste
aldera begira,
ahanzturak horrela
transmititzen dira.

3.
Denbora tematu da
ederra itsusten,
puxikak helioz ta
zainak porraz puzten.
Nahiz haginak zorroztu
behar genituzken,
mihiak bezatzera
behartu gintuzten,
isiltasunak ez du
arrastorik uzten.

4.
Nola Kupidok bere
buruari muxu,
harremanei horrela
eman diezu su,
sineskera guztiak
dira arriskutsu,
argi ez ikusteak
itsutu zaitu zu,
niri begiratzean
nor ikusten duzu?

5.
Zer gara hutsean huts,
kedarrean kedar,
tximeleta izan nahi
genuen bi beldar!
Irrifarrik ezean
egidazu negar,
dagokidanik ere
ez banezake har,
dagoeneko ez dut
egiarik behar.

6.
Inoren urguilua,
norbere bizkarra,
zein da arrastoan sartu
beharreko marra?
Ni ere banaiz aita,
semea, senarra,
euskaldun, abertzale,
euskal herritarra,
partidua ez da dudan
alderdi bakarra.

7.
Ozpinak kontrakorik
ez baldin badio,
ez dugu zertan izan
ur edo olio;
agurtu gabe esan
zenidan adio,
geratu naiz ez horma
ta ez aldamio…
Nik gutar izateko
ez al dut balio?

8.
Gure iragana da
zuri-beltzekoa,
koloreak atera
arte heltzekoa;
nork erabakitzen du
nor den etxekoa?
Hain jarrera hertsia
eta ertzekoa,
bidezkoa da baina
bide motzekoa.

9.
Antza, zalantza baino
ez dabil seguru,
bizikidetzak ere
indarra galdu du.
Zoriak goxatuko
baldin bagaitu gu,
zerk behar duen bide
eta zerk helburu,
ez erabakitzea
erabaki dugu.

10.
Nahiz kukuak oker jo
zigun primaderan,
gorrotorik ez denez
hauspotu niregan,
bi besoak zabalik
dituzu aukeran,
ez bagara elkartzen
gure ibileran,
beti izango dugu
baina bat soberan.

Albiste gehiago

Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16

«Gaitzeko maila izan da eta denak biziki ongi aritu dira»

Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran