Imanol Lazkanoren bertso sorta 2025-09-15

Txapelketa Nagusiko finala Nafarroa Arenan jokatu zenekoari jarriak

Erredakzioa

Imanol Lazkanok bertso sorta jarri zion Txapelketa Nagusiko finala Iruñean egin zenekoari. Aitortu du finala Iruñean egingo zela jakin zuenean izugarrizko poza eta ilusioa hartu zuela eta bere artean esan zuela: «Nafarroak merezi zian egun hori». Eguna bere ere oso hunkituta pasa zuela adierazi du eta bertsoak jartzea pentsatu zuen. Argiara bidali eta han argitaratu ziren lehenik. Hona hemen sorta:

 

Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak.


1
Euskaldunok oinarriz
garenez naparrak,
gaur harro erakutsi
ditugu paparrak,
aurpegi bakoitzean
diz-diz irriparrak,
denok busti baikaitu
bertsoen aparrak.

2
Gure ama-hizkuntzak
jaio zen sehaskan
garden erakutsi du
zer bertute dauzkan,
hainbeste bertso bikain
jaulkiaz erreskan,
nola ase gaituen
jaso dugun bazkan!

3
Bertsoari loturik
bihotz eta buru,
labur egin zaizkigu
zazpi ordu inguru.
Ze giro berezia!
Ze jende kopuru!
Holakoetan lur hau
bihurtzen da zeru.

4
Kiroldegi hau zen gaur
hitzen jolasleku,
guretzat bihurtua
tristuren debeku,
nola ez dugun beti
hori gure esku,
horregatik gaude gu
hain “zorioneku”.

5
Nahiz maiz kezkatzen garen
herri txiki izanaz,
bertsoa hazten doa
indarrez ta famaz.
Zer den zabal dezagun
ozenki esanaz:
herriaren ahots ta
hizkuntzaren arnas.

6
Bertsolaria argi
ta herria adi,
tartean ahantz ezina
den hainbat esaldi.
Giro hortan bertsoa
erne zen aspaldi,
kimu-berritu dena
gizaldiz gizaldi.

7
Irautea zen lehengo
izarren enkargu,
gaur elkarte handi bat
dugu horren kargu,
eta bertsolaritza
goi mailan daukagu.
Munduko herri askoren
inbidi gara gu.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa