Bertso berriak horma zaharrei jarriak 2025-09-22

Xabier Amurizaren bertso jarriak Francoren garaian Zamorako apaiz kartzelan preso zegoela

Erredakzioa

Xabier Amuriza Zarraonaindiak (1941 Etxano) 1972an jarritako Bertso berriak horma zaharrei jarriak sorta dakargu gaur, Eñaut Agirre eta Ainhoa Sarasuaren ahotsean, Manex Pagolak musikatuta. Xabier Amuriza, beste hainbat apaiz euskaldunekin batean preso sartu zuen Zamoran Franco diktadorearen erregimenak. Zazpi urteko kartzelandia bete behar izan zuen, hiru espetxealditan. Hona hemen sorta osorik. 

Doinua: Espainian behera


1
Bertso berri batzuek
behar ditut jarri
entzumenik dutenen
entretenigarri
katez loturik preso
gaituzte ekarri
kantuz azalduko dut
espetxeko berri
inozentzian inor
ez dadin etorri (bis).

2
Espainian behera
han dago Zamora
basamortu hoberik
nonbait izango da
ez mendi ez itxaso
ez belar ez lora
hementxe bizi behar
hainbeste denbora
hain maite dugun Euskal
Herritik kanpora (bis).

3
Etxetzar bat hemen da
itxuraz bikaina
goralduko nukena
gorroto dut baina
erdia zementu ta
erdia burdina
gizonak piztitzeko
apropos egina
hobe zen infernura
erori bagina (bis).

4
Lotsagarri da baina
sinestu hau jaunak
ate gabe ditugu
hemengo komunak
testigu gabe hortan
ohiturik ginenak
agiriz egin behar
ezkutuko lanak
erakutsi ditugu
dokumentu danak (bis).

5
Nahiz ta mila gizonek
izan gure kargu
Madrilera jo behar
ezer nahi badugu
handik berriz ezetza
aurretik dakigu
gorroto gaituzte ta
zertako erregu
holakoxe piztien
eskuan gaude gu (bis).

6
Bisita egunak ere
begira zer dian
amari egin behar
erdara garbian
gainera burdinazko
bi sare erdian
eta alkahuete bat
albotik goardian
burduntzi bat sartuko
nioke ipurdian (bis).

7
Ilunpean dagonak
maite du argia
baita egarri denak
ere ur garbia
noizbait hautsiko ahal da
gure uztarria
hazia sortzen denez
lurpean jarria
kartzelan erneko da
Euskadi berria (bis).

Albiste gehiago

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-09

Amoroto eta Irurako bertso jaialdiak Hitzetik Hortzeran