Txapelketa 2009-12-01

Belodromoan kantatutakoen iritziak

Aitor Sarriegi: "Egun hori bizi nahi dut". Jon Maia: "Orain badirudi nahiko egina zegoela baina beti da zaila BECen sartzea". Uxue Alberdi: "Emozionatu egin naiz ikaragarri hasieran, baina emozio hori erabili dut kantatzerakoan". "Iñaki Gurrutxaga: "Bertsoekin ez naiz erabat disgustura gelditu, baina sentsazioetan nahiko hotz ikusi dut nire burua".
 Aitor Sarriegi: "Egun hori bizi nahi dut"
 "Ondo, gustura gelditu naiz, batez ere emaitzarengatik. Askotan ez dira bat etortzen norbere saioa eta emaitza, baina gaur nire saioarekin neukan konfiantza baino gehiago jaso dut emaitzarekin. Oso gustura nago. BECen ahal den eta gehien gozatu nahi dut, ahal den gozarazi nahi dut. Egun hori bizi nahi dut, zortzitik bederatzigarren geldituta ere berdin dio".

 Jon Maia: "Orain badirudi nahiko egina zegoela baina beti da zaila BECen sartzea"
 "Une honetan sentsazio nagusia poza da: BECera sartu naiz eta satisfazio hori sentitzen dut. Orain badirudi nahiko egina zegoela, baina beti da zaila, beti dago zalantza eta beti dago garesti txartela. Baina, aldi berean, pena daukat ez dudalako gaurko saioan aurrekoan adina gozatu. Lotuago sentitu naiz, ez dakit zer gertatu zaidan. Uste dut txukun ibili naizela baina aurrekoan bezala gozatu gabe".

 Uxue Alberdi: "Emozionatu egin naiz ikaragarri hasieran, baina emozio hori erabili dut kantatzerakoan"
 "Hustuta gelditu naiz. Oso gustura kantatu dut. Beldurrarekin etorri naiz ez ote ninduen gaindituko hainbeste jende ikusteak. Emozionatu egin naiz ikaragarri hasieran, baina erabili dut emozio hori kantatzerakoan. Belodromoa ikaragarria da. Jendearekin harrituta gelditu naiz; hasieran jendea jada tente jarrita zegoen. Babes handia sentitu dut. Jendea gogoz ikusten zen eta zorretan bezala sentitzen ginen".

 Iñaki Gurrutxaga: "Bertsoekin ez naiz erabat disgustura gelditu, baina sentsazioetan nahiko hotz ikusi dut nire burua"

 "Bertsoekin ez naiz erabat disgustura gelditu, baina sentsazioetan nahiko hotz ikusi dut nire burua. Momentu batzuetan ihes egiten zidan buruak. Beti ezin da asmatu, baina egoera kontra eduki arren erantzun egin dut, eta horrekin nago gustura. Belodromoa ederra da. Nik buruan neukan azkeneko finaletakoa, eta askoz ere zabalagoa eta hotzagoa iruditzen zitzaidan. Baina gaur bildua zegoen, eta kantatzeko oso plaza egokia da".

 Maialen Lujanbio: "Nire mundutik kantatzen dut"

 Maialen Lujanbio nagusitu zen Donostiako saioan. Berria egunkariari emandako elkarrizketan esan du ez dela erraza izango txapela irabaztea. Azken urteotan lana egin omen du bere mundutik kantatzeko. Igor Elortza finalean ez egoteak "pena" ematen diola dio, "oso pieza inportantea da niretzako gaur egungo bertsogintzan; orduan, pena handia daukat ez delako egongo. Hori da txapelketa."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri