33. edizioa izango da aurtengoa 2025-10-28
Badator 2025eko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. Azaroaren 3an izango da lehenengo kanporaketa Bilboko Urretxindorra Ikastolan, eta abenduaren 5ean jokatuko da finala Zornotzan, Zelaieta Zentroko auditorioan. Atzo aurkeztu zuten Bilbon sariketa, eta bertan egon dira Igor Menika Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduraduna, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko koordinatzailea eta Maite Sarasola bertsolaria.
Hitz hartze ederra egin du Sarasolak bere esperientziaren berri emanez: "Esango nuke sariketa honen berezitasun bat kolektiboaren figura dela, hau da, zure hurbileko, konfiantzazko eta agian bertso eskola bereko kideekin igo eta taldean abestea", azaldu du. "Nik apur bat sentitzen nuen, eta oraindik sentitzen dut, edo denok edo inor ez hori, edo batera goaz aurrera eta batera triunfatuko dugu edo elkarrekin sartuko gara lokatzetan", gaineratu du. Gazteei buruz ere egin du berba: "Askotan esaten da gazteok plazak behar ditugula eta, noski, hori horrela da, baina agian plazak ere behar ditu gazteak eta behar ditu ideia, ahots eta gorputz ezberdinak; hortaz, bete dezagun oholtza geuretik eta geuretzat, eta goza dezagun bertsoagaz kolektiboki!"
Taldekako txapelketa, bi multzotan
Bertsolari Gazteen BBK sariketa taldekakoa izango da aurten ere, ohiko moduan. Multzo bitan banatuko dira: gaztetxoak eta nagusiak. Horrela:
Gaztetxoak (A): 18 urtera arte, hirukotean. Zortzi taldek hartuko dute parte.
Nagusiak (B): 25 urtera arte, bikotean. Bost bikote izango ditugu.
Kanporatze sistemako txapelketa da: lau kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango ditu. Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen multzo bakoitzeko bikoteak egingo du aurrera. Ondorengoak dira saioak:
Saioetara joateko gonbidapena luzatu dute antolakuntzakoek
Lehenengo faseko saioak goizez izango dira, eta Lehen Hezkuntzan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleek izango dute saiook entzuteko aukera. Izan ere, helburuetako bat bada gazteak eurak ere entzule izatea.
Finalaurrekoak eta finala, ordea, arratsaldez izango dira, eta antolatzaileek bereziki saio hauetara joateko deia egin dute. “Euskaltegietako ikasleak etortzera animatzen ditugu, eta horiekin batera, baita publiko zabala ere, saio bereziak izango direlako”. Finala abenduaren 5ean izango da, Zornotzan aurten ere, Zelaieta Zentroko auditorioan.
Kultura eta egonaldia, sari gisa
Sariketa denez, sariak ere badaude. A mailakoek Elkar bonoa izango dute sari moduan eta hirukote txapeldunak, txapela. Bestalde, B mailakoek sari ekonomikoa ere izango dute eta bikote txapeldunak, txapela ere bai. Amaitzeko, kantaera onenaren saria ere egongo da.
Dena dela, eta azken urteetan egindako moduan, denontzako saria ere egongo da. Antolatzaileek garrantzi berezia eman diete bertso-eskoletako gazteen saretzeari, eta beraz, aurten ere, parte hartzaileentzako bertso egonaldia egingo da azaroan bertan. Besteak beste, bertso-eskola eta egun osoko plana izango dituzte gazteek.
Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28
Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21
Jexux Mari irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-16
Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari irazu
Irune Basagoiti Agirre - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari Irazu
Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09
Erredakzioa