Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-11-13

Nafarroako eta Bizkaiko Txapelketako bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako eta Bizkaiko Txapelketako bertsoak Hitzetik Hortzeran
Karmele Gisasola herri kirolaria izango da aste honetako gonbidatua.

Erredakzioa

Nafarroa eta Bizkaiko Txapelketako bertsoak izango dira aste honetan Hitzetik Hortzeran. Leitzako finalaurrekoan Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia, Kattin Madariaga Apaolaza, Mikel Lasarte Cia, Patxi Castillo Graciarena eta Sarai Robles Vitas aritu ziren bertsotan, eta Iratxe Legarrak jarri zituen gaiak. Julio Sotok irabazi zuen saioa eta, beraz, azaroaren 29an Nafarroa Arenako finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen.

Bizkaiko finalaurrekoan, Barakaldon, Ibai Amillategi Omaetxebarria , Irune Basagoiti Agirre, Lurdes Ondaro Mallea, Mikel Goiriena Larrazabal, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa aritu ziren bertsotan eta gai-jartzen Idoia Anzorandia Kareaga. 

Bermeoko finalaurrekoa zuzenean ETB4n
Bertsozaleek hitzordu bikoitza dute asteburuan bertsoarekin. Izan ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren itzulia zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB4n arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Ilaski Serranok aurkeztuko du saioa eta ondoan izango du Ander Elortegi Garatea bertsolaria saioaren analisia egiteko. Bertsotan ariko dira Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Badiola, Ibai Amillategi Omaetxea, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Mendiburu Valor.

Karmele Gisasola herri kirolaria gonbidatua
Umetatik herri kirolak gertutik bizi izan ditu Karmele Gisasolak; izan ere, aita harri jasotzailea izanda, berarekin joaten zen erakustaldietara. Ikustetik, egitera: gaztetxotan eman zituen lehen pausuak trontzan eta ondoren harria jasotzen ikasi zuen. Eta bide horretan hasi zenean entzun behar izan zuen harria ez zela emakumeentzat. Hala ere, bidean jarraitu zuen aurrera eta ibilbide luzea egin du horretan. Gaur egun harria utzita aizkoran zentratu da Gisasola.




Hitzetik Hortzera: aste honetan igandean, 15:00etan, ETB1en.

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza