Nafarroa Arenan azaroaren 29an 2025-11-18

Zazpi saio jokatu ondoren, azaroaren 29an jokatuko da Nafarroako finala. Argazki berritua dakar aurtengoak: aurreko finaleko sei bertsolari eta bi berri ariko dira kantuan Nafarroa Arenan: Eneko Lazkoz, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena. Ekhiñe Zapiain eta Eki Mateorena dira finalista berriak. Finala bera ere espazio berri batean jokatuko da, Txapelketa Nagusiak bertsolaritzaren mapan kokatu zuen Nafarroa Arenan, Anaitasunari lekukoa hartuta.
Txapelerako zein buruz burukorako hautagaitza zabala
Nafarroako finalak erakarmen handiko zortzikotea izango du eta txapelerako zein buruz-burukorako aukerak oso zabalik daudela dirudi. Zortzitik bostek behintzat txapelerako hautagai sendoa direla erakutsia dute. Julio Soto da egungo txapelduna eta Eneko Lazkoz txapeldunordea. Biak beren saio guztiak irabazita iritsi dira finalera. Sei txapela ditu jada Sotok eta lau aldiz txapeldunorde gelditu da Lazkoz. Aurrekoan, txapeletik hiru puntura.
Joanes Illarregi ere bere bi saioak irabazita heldu da finalera. Txapelketa Nagusiko finalista da leitzarra. Laugarren gelditu zen 2023an. Xabat Illarregik hirugarren egin zuen aurreko finalean eta aurtengo edizioan goiko postuetan sartu da finalera, saio bat irabazi eta bestean bigarren geldituta. Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldun izana da 2021ean eta iaz oso baldintza zailetan egokitu zitzaion finalean kantatzea. Sailkapenaren goiko langan sartu da finalera, bi aldiz bigarren eginda. Orain arteko finaletan erakutsi dutenagatik, badirudi bost bertsolari horiek izan daitezkeela txapelerako faborito nagusiak.
Sarai Roblesek bigarren finala du aurtengoa. Maila handiz gainditu zuen 2023koa, lan sendoa eginez. Beharbada, txapelketako bere saiorik onena egin zuen finalean barañaindarrak. Aurtengoan, esperientzia hori eta bi urteetako eskarmentua izango ditu osagarri.
Ekhiñe Zapainek lehenengoz kantatuko du final batean, 23 urterekin. Atean gelditu zen aurrekoan eta azken urteetetan plazan ondo erakutsi du bertsotan zenbat lezakeen. Finalera libre joatearen abantaila ere izan lezake beratarrak. Eki Mateorena da finaleko gazteena, 20 urterekin. Bere bigarren txapelketan lortu du finaleraino iristea. Eskolartekoetan eta gazte sariketetan eskarmentu dezentekoa bildu du. Leitzarrak erakutsia du bertsotan sendo bezain fin egiteko gaitasuna duela.
Nafarroa Arena faktorea
Anaitasunak nostalgia beste ilusio sortu duela dirudi finala Nafarroa Arenan izateak. Hala adierazi dute behintzat Bertsoan zenbait bertsolarik. Finalak koska bat gora egiteko aukera ikusten zuen Sotok. Giro aldetik ere bere eragina izan lezake aldaketak.
Txapelketa Nagusirako txartela ziur
Orain artean ez bezala, aurten Nafarroako finalean kantatuko duten bertsolari guztiek ziurtatua duten Txapelketa Nagusirako txartela. Eta horrek finalaren mesedetan izango dela uste dute bertsolariek, presio iturri bat gutxiago izango dutelako. Txapelketa Nagusiko aukera ziurtatuta, bertsolarientzat errazagoa izango da erabat finalean zentratzetzea eta beharreko arrisku edo erabakiak patxada horretatik hartzea.
Finaleko lanak: 15 bertso lehen fasean eta 9 buruz burukoan
24 bertso puntuagarritara jokatuko da Nafarroako txapela. Bost lan izango dituzte lehen fasean eta zortzi osatuko dituzte buruz burukora sailkatzen diren bi bertsolariek. Honakoak:
Buruz-burukoa (9 bertso puntuagarri)
Ganbarako lana
Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28
Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21
Jexux Mari irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-16
Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari irazu
Irune Basagoiti Agirre - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari Irazu
Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09
Erredakzioa