Bizkaiko azken finalaurrekoa larunbatean Markina-Xemeinen 2025-11-19

Bizkaiko finala eta Euskal Herriko Txapelketarako txartelak argituko dira larunbatean Markina-Xemeinen

Bizkaiko finala eta Euskal Herriko Txapelketarako txartelak argituko dira larunbatean Markina-Xemeinen
Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Oihana Bartra, Imanol Uria, Txaber Altube eta Gorka Pagonabarraga ariko dira kantuan.

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko Txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko da larunbatean Markina-Xemeinen. Bizkaiko finala eta Txapelketa Nagusirako Bizkaiko ordezkaritza erabakita geldituko dira zapatuan. Uni frontoian kantuan ariko direnak: Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Oihana Bartra, Imanol Uria, Txaber Altube eta Gorka Pagonabarraga, Zihara Enbeitak aurkeztuta. 

Bizkaiko finala eta Euskal Herriko Txapelketarako txartelak: zer dago erabakita eta zer erabakitzeke
Bizkaiko bi finalista erabakita daude, matematikoki. Aitor Bizkarra eta Aitor Etxebarriazarraga. Finalera begira hortik atzerako sei postuak erabakiko dira larunbatean. Onintza Enbeita matematikoki ez baina estatistikoki finalean dagoela esan daiteke. Muxikarra kanpoan gelditzeko Markina-Xemeingo seiek gainditu beharko bailukete bere puntu batuketa. Estatistikakoki txapelketetan ez da gertatu izan. 

Finalera begira, Xabat Galletebeitiak eta Jone Uriak puntuazioaren goiko langan kantatuko dute bigarren itzulian. Puntu koltxoi handia dute biek. Oihana Bartrak ere margin oso polita du eta finalerako bidea nahiko ondo marraztua du bilbotarrak. Aukerak aukera, ezer ez dago erabakita.

Finalerako erabakitzeko dauden sei postuetatik, azken bi txartelak eskuratzeko aurreikus daiteke lehiarik estuena. Gainditu beharreko langak: Aissa Intxausti (1.202), Unai Mendiburu (1.999,5) eta Ibai Amillategi (1991). Postu horietarako lehian Imanol Uria (615), Txaber Altube (607,5), Gorka Pagonabarraga (604,5) daude ondoen kokatuak lehen itzulitik. 

Euskal Herriko Txapelketarako 10 txarteletatik 4 erabakita eta sei jokoan Markina-Xemeinen
Bizkaiko Txapelketatik 10 bertsolari sailkatuko dira 2026ko Euskal Herrikorako. Nerea Ibarzabalek finalista gisa du eskubide hori irabazita. Bigarren itzulian hamabi bertsolari dira kantuan eta lehenengo hamarrek lortuko dute txartel preziatu hori. Dagoeneko lau erabakita daude eta larunbateko finalaurrekoan erabakiko dira beste seiak. Dagoeneko txartela ziurtatuta duten bertsolariak dira Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita eta Aissa Intxausti. 

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza