Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-11-21

Erredakzioa
Ez da ohikoena elkarte batek txapeldunari txapela janztea. Baina aurten, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkarteari eman dio horren ardura, egiten duen lana aitortzeko eta eskertzeko. Sergio Barandiaran elkarteko lehendakaria igoko da Nafarroako Txapelketako finalean txapeldunari txapela janztera.
Aitzakia hau baliatuz, Zaldiko Maldiko elkartea hobeto ezagutzeko, Irati Majuelo eta Mikel Tabernarekin elkartuko da Hitzetik Hortzerako lantaldea. Gertutik ezagutzen dituzte Majuelok eta Tabernak Zaldiko Maldikoren eguneroko lanak; baita, Nafarroako Bertsolaritzaren ekosistema ere. Zaldiko Maldikoren sorreraz, historiaz eta Iruñean betetzen duen funtzioaz ariko dira asteburuko programan.
Zaldiko Maldiko bere sorreratik izan da Iruñeko bertsolaritzaren kabietako bat; besteak beste, sortu zenetik izan du bertso eskola. Mikel Tabernak ongi ezagutzen ditu garai hartako kontuak, bertan baitzen bertsolari eta gai-jartzaile beratarra. Irati Majuelo bertsolariak ere ezagutzen du bertso-eskola hori, bera ere gaztetxotan hurbildu baitzen bertara, eta parte hartu izan baitu bertan egin diren saio eta ekintza desberdinetan.
Horiek eta gehiago kontatuko dituzte asteburuko programan.
Tafallako eta Bermeoko bertsoaldiak
Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken final-aurrekoa jokatu zen Tafallan. Joanes Illarregik irabazi zuen saioa eta finalerako zuzeneko txartela lortu zuen. Berarekin batera beste bost bertsolari hauek aritu ziren bertsotan: Amaia Elizagoien, Ekain Alegre, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi eta Xabier Maia.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketari dagokionez, Bermeon egin zen bigarren bueltako lehenengo finalaurrekoa, eta hango bertsoaldiak ere izango dira larunbateko programan. Aitor Bizkarrak irabazi zuen saioa, eta harekin aritu ziren kantuan Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi, Onintza Enbeita eta Unai Mendiburu.
Markina-Xemeingo finalaurrekoa zuzenean eskainiko da ETB4n
Bertsozaleek hitzordu bikoitza dute asteburuan bertsoarekin. Izan ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren buelta zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB4n, 17:00etatik aurrera. Ilaski Serranok aurkeztuko du saioa eta ondoan izango du Ander Elortegi bertsolaria, saioaren analisia egiteko. Bertsotan ariko dira Gorka Pagonabarraga, Imanol Uria, Jone Uria, Oihana Bartra, Txaber Altube eta Xabat Galletebeitia.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu
Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28
Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21
Jexux Mari irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-16
Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari irazu
Irune Basagoiti Agirre - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14
Jexux Mari Irazu