Bizkaiko Bertsolari txapelketa finala abenduaren 20an 2025-12-10

Eskarmentua eta berritasuna Bizkaiko final irekian

Eskarmentua eta berritasuna Bizkaiko final irekian
Onintza Enbeitak bere hamargarren finala du eta 2020an txapeldun izan zen. Jone Uriak zortzigarrena du eta azken bietan txapeldunorde izan da. Xabat Galletebeitiak, seigarrena; behin buruz burukoan sartu zen eta azken bietan hirugarren egin du. Hirugarren finala dute zortzitik lau bertsolarik: Aitor Bizkarrak, Aitor Etxebarriazarragak, Oihana Bartrak eta Gorka Pagonabarragak. Txaber Altubek lehenbizikoa, bere bosgarren parte hartzean.

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko Txapelketako finala jokatuko da abenduaren 20an Casillan. Final guztietan bezala, inork ez daki zer gertatuko den baina zortzikotearen argazkiak zenbait irakurketarako bidea ematen du. Argazki horrek erakusten duen irudietako bat da Bizkaiko finalisten trontzo nagusia aurreko finaletako jarraipena dela. Bertsolari talde bat egonkortu da Bizkaiko finalean eta sartu-irtenak oso puntualak dira. Final gehienetan nahiko ohikoa den gauza da hori.

Bertsolarien ibilbideari begira jarrita, zortzi finalistetatik zazpik dezenteko eskarmentua dute Bizkaiko finaletan eta Txaber Altube da finalista berria. Baina ez dator erabat berri: bere bosgarren parte hartzea du abadiñarrak.

Zortzi finalistetatik seik 2021 eta 2023ko finaletan kantatu zuten. Aitor Bizkarra sartu da berriz finalera, aurrez bietan kantatuta. Onintza Enbeitak bere hamargarren finala du eta 2020an txapeldun izan zen. Jone Uriak zortzigarren finala du eta azken bitan txapeldunorde gelditu da. Xabat Galletebeitiak seigarrena du; behin buruz burukoan sartu zen eta azken bietan hirugarren egin du. Hirugarren finala dute zortzitik lau bertsolarik: Aitor Bizkarrak, Aitor Etxebarriazarragak, Oihana Bartrak eta Gorka Pagonabarragak.

2023ko argazkitik Nerea Ibarzabal egungo txapelduna eta Aissa Intxausti dira ez daudenak. Markinarrak ez du parte hartu txapelketan eta lekeitiarra finaleko atean gelditu da. 

Final irekia
Finalaurrekoetan ikusiak ikusi, Bizkaikoa final irekia aurkezten da bai buruz-bururako eta bai txapelerako. Bertsolari bakarra sartu da finalera bi finalaurrekoak irabazita: Aitor Bizkarra. Baina lau bertsolarik behitzat harrapatu dute puntuazioren goiko langa saioren batean: Bizkarrak ez ezik, Jone Uria egungo txapeldunordeak, Aitor Etxebarriazarragak eta Xabat Galletebeitiak. Eta langa horretatik gertu ibili dira Txaber Altube, Oihana Barta eta Onintza Enbeita txapeldun ohia bera ere. Gorka Pagonabarraga puntu-langa horretatik beheraxeago sailkatu da baina aurreko finalean laugarren gelditu zen final osoa eginda.

Onintza Enbeitaren bigarrena edo Bizkaiko txapeldun berria
Bizkaiko finalak, beraz, bertso maila ez ezik, esperientzia handia bilduko oholtzan abenduaren 20an. Hori bai, zortzikote horretan Onintza Enbeitak bakarrik daki Bizkaiko Txapela irabaztea zer den. Beraz, estatistika ikuspegitik, Bizkaiko finalak bi emaitza posible ditu: Onintza Enbeitaren bigarren txapela edo Bizkaiko txapeldun berria.

Buruz buruko berria
Final batek uzten duen argazki eta une nagusietako bat da buruz burukoa. Casillan argazki hori berria izango da. Nerea Ibarzabalek eta Jone Uriak jokatu dituzte azken bi buruz burukoak. Onintza Enbeitak eta Etxahun Lekuek 2020ko hartan, Enbeitak irabazi zuenekoan. Xabat Galletebeitiak ere badaki zer den buruz burukoan kantatzea eta beste bitan gelditu da hirugarren. Gainerakoak oraindik koxka horretara iritsi gabeak dira. 

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu