Txapelketako finalen batez besteko adina 2025-12-16

Final gazteak eta zaharrak: begiradak, datuak eta kokapena gizartean

Final gazteak eta zaharrak: begiradak, datuak eta kokapena gizartean
Txapelketako finalak datozenean finalisten batez besteko adina izan ohi da jakinmina sortzen duen puntuetako bat. Askotan, pertzepzioa eta diskurtsoak norabide jakinean joan ohi dira: final gaztea da aurreko garaiekiko... Bertsolaritza gaztetzen ari da. Baina uste hori bat al dator datuekin? Bat al datoz begiradak eta datuak? Eta finaletako bertsolarien batez besteko adina non kokazen dira gizartearen batez bestekoarekiko?

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finalaren atarian egonda, Casillan jokatuko den finala hartuko dugu heldulekutzat finaletako batez bestekoa adinaren irakurketa historiko bat egiteko. Non dago aurtengo Bizkaiko finala finalisten batez besteko adin eta belaunaldiartekotasun parametroetan? Eta non kokatzen da batez besteko hori gizarteko batez beste orokorrarekiko? Bizkaiko finalisten batez besteko adina 34,25 urtekoa da eta Eustaten arabera, gizarteko batez bestekoa, 45-46 urte inguruan dago. Ez hori bakarrik, jendearen gehiengoak (% 60) berrogei urtetik gora ditu gaur egunean.

Gaurko bertsolaritzak nondik kantatzen dion aztertu zen joan den urteko Bertsolamintza gogoeta jardunaldian. Datuen arabera, txapelketetako finaletan gizarteko batez bestekoaren adinaren (eta errealitatearen) oso behetik kantatzen dio bertsolaritzak euskal gizarteari. 



Casillako finala: 35 urteotako zaharrena, 34,25 urteko batez bestekoarekin
Abenduaren 20an Casillan jokatuko den finala azken 35 urteotako Bizkaiko finalik zaharrena izango da. Hori diote datuek. Banan-bana, 25 urte ditu Gorka Pagonabarragak (2000); Txaber Altubek, 27 (1998); Aitor Bizkarrak, 29 (1996); Aitor Etxebarriazarragak, 32 (1997); Jone Uriak, 35 (1990), Xabat Galletebeitiak, 39 (1986); Oihana Bartrak, 41 (1984) eta Onintza Enbietak, 46 (1979). Batez bestekoa, 34,25 urte ateratzen da. Non kokatzen da datu hori aurrekoekiko?



1990eko finalak 33 urteko batez bestekoa
1990ko finalean, Arriagan jokatzen zen hartan, 33 urteko batez bestekoa zuen finalak. Orduan Araba eta Bizkaiko Txapelketa zen. Jon Enbeita izan zen txapeldun, 40 urterekin eta Abel Enbeita izan zen zaharrena, 48 urterekin. Tartean, Mañukorta (47) eta Ireneo Ajuria (44). Baina, orduan bertsolari oso gazteak ere sartu ziren finalean: Igor Elortza 15 urterekin, Unai Iturriaga 16 urterekin eta Aritz Lopategi 21 urterekin. Xabier Arriaga Txiplas zegoen batez bestekoan, 33 urterekin. Txapeldunorde 16 urteko bertsolari bat gelditu zen, 1990ko hartan: Unai Iturriaga.  

1996an 50 urtez gorako bertsolariak eta 1998an aldaketa
1990eko txapelketako belaunaldi nagusiak (Jon Enbeita, Mañukorta, Ireneo Ajuria, Juan Mari Areitio...) 1996ko finalera arte eutsi zion eta 1998an etorri zen aldaketa handia. 1996ko finalean 50 urtetik gorako bertsolariak izan zituen Bizkaiko finalak. 46 urterekin kantatu zuen Jon Enbeitak (Onintza Enbeitaren egungo adin bera) eta 53 urterekin Mañukortak. Halere, gazte belaunaldi zabala sartu zen finalean eta 30 urteko batez bestekoa izan zuen zortzikoteak. Eta 25 urteko belaunaldiartekotasuna. Unai Iturriagak irabazi zuen txapela 22 urterekin. 

1998an 25 urtez beheko sei finalista eta 25 urteko bataz bestekoa
1998ko finalean aldaketa handia gertatu zen Bizkaiko finalean: 25 urtez beheko sei bertsolari sartu ziren: Igor Elortza (23), Unai Iturriaga (24), Iratxe Ibarra (24), Arkaitz Ugartetxea (21), Oihane Enbeita (20) eta Beñat Gaztelurrutia (22). Txiplasek jarri zuen goiko langa, 39 urterekin. 25 urteko batez bestekoa izan zuen Bizkaiko final gazte hark. Igor Elortzak jantzi zuen txapela. Adin joera hori mantendu zen zenbait finaletan.

2010eko finalean, goranzko joera abiatu zuen finalak eta 27 urtekoa izan zen batez besteko hori. Arkaitz Estiballesek jarri zuen goiko langa 33 urterekin. Berak jantzi zuen txapela. Jone Uria eta Miren Amuriza izan ziren gazteenak, 20 urterekin.

2012an, 31 urte eta Iratxe Ibarra finalista zaharrena
2012ko finalean batez bestekoak 30 urteko langa gainditu zuen berriro: 31,5ekoa izan zen. Iratxe Ibarra izan zen finalista zaharrena 38 urterekin eta Arkaitz Estiballesek irabazi zuen txapela 35 urterekin. Batez bestekoaren bueltan zeuden orduan Onintza Enbeita (33), Fredi Paia (31) eta Etxahun Lekue. Gazteenak: Jone Uria eta Miren Amuriza 22 urterekin. Iratxe Ibarrak jarri zuen goiko adin langa, 2006ko eta 2010eko finaletan ere.

Hamaika urteko bidea eginda, 2023an, langa beretsuan mantendu zen Bizkaiko finalisten batez besteko adina. Kasu honetan 32,5 urte. Nerea Ibarzabalek jantzi zuen bere bigarren txapela 29 urterekin eta Onintza Enbeita izan zen zortzikoteko zaharrena, 44 urterekin. Beheko langan, Gorka Pagonabarraga, 23 urterekin: 25 urtez beheko finalista bakarra.

Gaur egunean, duela 35 urteko parametroetan, hor nonbait
Bizkaiko finalisten batez besteko adina eta belaunaldiartekotasunari dagokionez, datuek erakusten dute gaur egungo adin-jokoa orain dela 35 urtekoaren nahiko antzekoa dela. Hasteko eta behin, plazan dabiltzan bertsolariek luzatu egin dute txapelketako bizitza. 35 urteren ondoren, 40 urteko bi bertsolari ariko dira kantuan Bizkaiko finalean: Onintza Enbeita eta Oihana Bartra. Bestetik, 20 urtetik gorako belaunaldiartekotasuna eskainiko du aurtengo zortzikoteak. 1990eko finalak 30 urtetik gorako adin tartea izan zuen. Halere, trantsizio egoera berezia izan zen ordukoa eta 18 urtez beheko bertsolariek ere parte hartu zuten.


Bizkaiko Txapelketa. Marina-Xemeingo finalaurrekoan bildu zen publikoaren ikuspegi bat.

Bizkaiko finalen bataz besteko adina
1990eko finala - 33 urte 
1996ko finala - 30 urte
1998ko finala - 25 urte
2000ko finala - 26 urte
2010eko finala - 27 urte
2012ko finala - 31 urte
2023ko finala - 32,5 urte
2025eko finala - 34,25 urte

Beste herrialdeetan ere antzeratsu
Finaletako batez bestekoen joera antzerakoa da herrialde guztietan eta Euskal Herrikoan. 30 urteren bueltan dago egonkortua, bi-hiru urte gora behera, belaunaldien arabera. Nafarroan aurten 29,5 urteko batez bestekoa zuen zortzikoteak. Eneko Lazkozek jarri zuen goiko langa 42 urterekin eta Eki Mateorena izan zen gazteena, 20 urterekin. Duela 30 urte, 35 urtekoa zen batez besteko hori eta 2000. urtean 28koa. Gipuzkoan 2024an 33 urte bueltakoa izan zen finalisten batez bestekoa. Nerea Elustondo eta Aner Peritz izan ziren langa jarri zutenak, 43 eta 22 urterekin. Ikusteko dago Xilaban eta Arabako Txapelketa. Euskal Herrikoan ere buelta horretan egon zen. 

Txirrita, Basarri Uztapide eta Lopategi: 50 urtez gorako txapeldunak
Txapelketen historian txapeldunak belaunaldiartekotasun ezberdinetakoak izan dira. Lau txapeldun izan dira 50 urtez gorakoak. 76 urterekin irabazi zuen txapela Txirritak, 1936an. Uztapidek 50 urtetik aurrera irabazi zituen hiru txapelak. 57 urterekin hirugarrena. Basarrik 56 urterekin jantzi zuen bere bigarrena, 1960an. Jon Lopategi 55 urterekin izan zen txapeldun Belodromoan, 1989an. Maialen Lujanbiok, 46 urterekin irabazi zuen bere hirugarren txapela Nafarroa Arenan. Egañak 44 urterekin jantzi zuen laugarrena BEC-en, 2005ean.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu