Bertso jarriak musikatuak 2026-02-16

'Mehetegiko xakurra': gaizki zaindutako zakur baten istorioa bertsotan

Egileak, Gratien Adema Zaldubyk, Anton Abbadiak antolatutako koplarien gudura aurkeztu zuen sorta 1867an.

Jexux Mari Irazu

Mehetegiko xakurra Gratien Adema Zaldubyk (1828 Senpere – 1907 Baiona) idatzitako sorta da eta  gaizki zaintzen duten Xuriko zakurraren bizimodua kontatzen du. Zalduby bertsolariak sorta hau aurkeztu zuen 1867an Anton Abbadiak antolatutako koplarien gudura. Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek kantatzen dute, Manex Pagolak musikaz lagunduta. 

1
Mehetegiko xakurra
zangoz, errainez makurra.        
Berga bat luze muturra
larrutik hurbil hezurra
urte guzia barura                         
zeren zen leku xuhurra.
 
2
Amak ttikitik utzia
esnerik gabe hazia
tripa errainei josia                       
uliek jaten hasia                            
Xurikok bere bizia
hola derama guzia.
 
3
Mahainpetik kokoriko
begira dago Xuriko
arto axaltto bat noizko
ote zaion eroriko.
Nausiak emaiten daizko
doan hortik bi ostiko.
 
4
Xakur gaixoa holakoz
merke hazten zutelakotz
tripa hutsik, ilun gogoz
pleinuz zagon egun oroz                       
hazka zangoz eta besoz
nihun ez zauken kukusoz.                      
 
5
Ohoinak ere noiz nahi                           
horren sainga ilaunari                    
gabaz ziren irriz ari:
"Xakur prestua hi haiz, hi!"
Gero ixiltzea sari
jo harrika gaixoari.
 
6
Zenbeit gau egun bakarrez
gorde egonik herabez                
agertu zen jan beharrez
hamikatua, nigarrez                      
estalia zaragarrez                    
lakastaz eta zakarrez.                
 
7
Sukaldean nihor ez da                  
sartzen da xakur herresta.             
Errekia zen prest presta              
zeren zen herriko besta.
Usain, milik eta jasta             
dena jaten du has eta.
 
8
Etxeko andre kexua
hor heldu da hats hantua:              
"Potzo madarikatua
eia hor, usu-usua           
nik hauts artean burua
egik hire ordenua."                     

9
Ordenuak hau du beltza                 
denen uztea bertzentza               
Xurikok badaki ontsa              
nori zer utz, nola pentsa:
Etxekoandreari gantza.            
Nausiari… azken putza.
 
10
Bizian gosez egonik
hiltzean sobera janik
Xurikok dauku erranik
egiatto hau azkenik:
Gose dagonarenganik
ez daitekela lan onik.

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza