Hilabetean 23 saio jokatu dira 2026-02-26

Herriartekoak 1.500 lagun inguru bildu ditu Gipuzkoan lehen fasearen erdia beteta

Herriartekoak 1.500 lagun inguru bildu ditu Gipuzkoan lehen fasearen erdia beteta
57 taldek hartu dute parte eta 350 lagun aktibatu dira taldeen bueltan. Lehen fasea eskualde barruan ari da jokatzen. Ondoren, elkarren ondoko eskualdeen artekoa etorriko da. Finala maiatzaren 30ean izango da Aian.

Jexux Mari Irazu

Gipuzkoako Herriartekoak parte hartze izan du eta harrera beroa izaten ari da lehen fasean. Fase hau eskualdeka jokatzen ari da eta eskualde bakoitzetik talde irabazle bat aterako da. Bide horretan, kanporaketak edo ligilak jokatzen ari dira.

Urtarrilaren 23an abiatu zen ekimena eta dagoeneko 23 saio jokatu dira. 40 egingo dira fasea osatzerako. Saio ofizialez gain, taldeek elkarren artean prestaketa gisara beste 15 saio ere antolatu dituzte publiko eta guztikoak. Tabernetan, elkarteetan, gaztetxeetan eta areto txikietan egiten ari dira saioak, oholtzan zein afari bueltan. Oro har, tabernak txiki gelditu dira eta areto txikiak bete 90-100 lagun inguru bilduta. Afari bueltako saioetan ere jendea bildu da.

Lehen fasearen erdia beteta, 1.500 lagun inguru bildu dira dagoeneko saio guztietako publikoa zenbatuta. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak oso positiboki baloratu du jendearen parte hartze zabal hau.


Bertsolari berriak eta itzuli direnak
Gipuzkoan urte tarte zabalarekin jokatzen da Herriartekoa eta horrek gose berezia pizten du bertso munduan. Aurtengo edizioaren ezaugarrietara jota, Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik besteak beste bi klabe azpimarratu dira: bertsolari berri asko plazaratu da Herriarteko honetan eta horrek ikusmina sortu du inguruan; bestetik, utzita edo plazatik urrun egondako bertsolari askok hartu du parte eta horrek ere irrika berezia piztu du. Saioak eskualde barruan egitea ere aintzat hartzeko faktorea da. 


Apirilean bigarren fasea eta maiatzean finala
Eskualde barruko fasea jokatuta, eskualde arteko fasea etorriko da ondoren, apiriletik aurrera. Final-laurdenak, finalerdiak eta maiatzaren 30ean finala Aian.



Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza