Unai Iturriaga 2009-12-11

"Beldurra nire buruari diot"

Aurtengoa bosgarren finala izango da durangarrarentzat. Azkeneko txapelketan bigarren postua lortu zuen, Andoni Egañaren atzetik. Aurtengoan finalaurrekoetan txapelketaren bi aurpegiak ezagutu ditu: Gasteizen ez zen gustura aritu kantuan, baina Iruñean berak lortu zituen punturik gehien eta horri esker sartu da finalean. Pena dauka aurtengoan Igor Elortza finalean izango ez delako. Txapelerako edozein ikusten du aukerekin, txapelketa puntuen metaketa hutsa delako.
 Bosgarren finala izango du Unai Iturriagak aurtengoa. Gazte-gaztetatik nabarmendu zen gaur egun 35 urte dituen durangar hau. 1993tik finaletan aritu ondoren, 2005ean bigarren postua eskuratu zuen. Aurtengoan finalaurrekoetan oso sentsazio ezberdinekin amaitu zituen Gasteiz eta Iruñeako saioak: "Txapelketa nola bizi izan dudan ikusteko sinbolo bat izan daiteke Grezian erabiltzen zutena, komedia eta tragediarena, bi kareta horiek. Txapelketak bietatik izan du pertsonalki, Gasteizkoari tragediaren kareta jarriko niolako eta Iruñeakoari komediarena. Bi saio eta bi sentipen guztiz ezberdinak. Eta ez hori bakarrik; tragediaren zatian sartuko nuke inguruak bizi behar izan duena. Baina, benetan hitz egiten jardunda eta nire buruarekin apur bat kontraesanean, esango nuke ez dela ez bat eta ez bestea. Gasteizko saioaren ostean nire burua finaletik kanpo ikusten nuen eta ez zitzaidan tragedia bat iruditzen. Eta hau guztia ere ez da komedia bat, kontu serio bat da; gure saioetan ez dira hainbeste komunikabide egoten eta bertsoa gainditzen duen zerbait da. Erantzukizun handia daukat abenduaren 13an oholtzan egongo naizen neurrian."

 Igor Elortza izan du kantukide gazte-gaztetatik. Biek, Josu Zabalaren laguntzarekin, aurrera eraman zituzten 7 Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuak. Azken honekin 2008ko ekainean eman zuten azkeneko kontzertua. Aurtengoan, ordea, Igor Elortza ez da finalean izango. "Ez da tragedia bat, baina pena bat bai".

 Finalista gehienek aipatu zuten finalean beldurrik ezeri ez ziotela. "Beldurra ez da hain sentimendu negatiboa, baina izatekotan nire buruari diot eta badauzkat motiboak horretarako."

 Azkenik, aurten Andoni Egañak txapela ez irabaztea posible ikusten ote duen galdetuta, honakoa dio: "Batzuetan ahaztu egiten da, baina hau puntuen metaketa bat da. Bakoitzak bere maila ematen du, baina txapela puntuen batuketa batetik ateratzen da. Askotan gertatzen da jendearen buruan gelditu diren bertsoak ez direla izan punturik gehien bildu dutenak. Baina, zorionez, kontsentsu handi bat egon da azken urteotan txapelaren gainean. Eta azpian."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri