Bertsozale Elkartearen eskutik 2026-03-03

Nafarroa Garaiko bertsolaritza ikertzeko proiektu deialdia

Nafarroa Garaiko bertsolaritza ikertzeko proiektu deialdia
Ekainaren 10 arte aurkeztu daitezke proiektuak. 4.000 euroko deialdia da. Ikertzaile edo ikertzaile taldeak urtebetean gauzatu beharko du proiektua.

Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa sustatzeko deialdia jarri du martxan Bertsozale Elkarteak. Edozein jakintza esparru oinarri hartuta egin beharko da ikerketa, beti ere Nafarroa Garaian gauzatzen den (edo gauzatu den) bertsolaritza ikertzea helburu. Gradu amaierako ikerketa proiektuak, master amaierako ikerketa proiektuak zein bestelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu daitezke deialdira, beti ere unibertsitateko irakasle doktore baten zuzendaritzak bermatuta badira.

Proiektuak ekainaren 10erako
Nafarroako bertsolaritza ikertzeko proiektuak ekainaren 10erako aurkeztu behar dira, deialdi honetan bertan atxikita dagoen eskaera orria bete eta bidalita, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ikerketan edo bertsolaritzan aditu diren hainbat lagunek osatutako batzordeak ekainaren 20a baino lehen jakinaraziko du zein izan den proiektu hautatua. Hortik aurrera, urtebeteko epea izango du ikerlariak, edo ikertzaile taldeak, proiektua gauzatu eta ikerketa lana aurkezteko. Horretarako 4.000 euroko diru-poltsa bat jasoko du.

Orain arte bezala, ikerketa proiektua aurkezteko norberak hauta dezake gaia, edozein delarik ere, bertsolaritza eta Nafarroa Garaia hartuta ikerketa esparrutzat. Hala ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteko beharrak eta gogoak kontutan hartuta, ikergai edo lerro hauek aipatuko ditugu, adibide gisa, bidenabar:

    -Bertsolaritzaren transmisioaren gakoen ikerketa:
           Hezkuntza Arautuko bertsolaritza klaseek bertsozaletzen dituzte ikasleak? Hala balitz, ze neurritan?
           Haurrek eta nerabeek zergatik ematen dute izena bertso eskoletan?
           Haurrak eta gazteak, bertso eskola batean urtebetez edo gehiagoz aritu ondotik, batzuek zergatik uzten dute bertso eskola? Zeintzuk dira zehazki neskek eta mutilek bertso eskola uzteko dituzten arrazoiak?
           Jende helduak zergatik ematen du izena bertso eskoletan?

    -Nafarroa Garaiko XXI. mendeko bertsolaritzaren historia.
    -Bertso Eskola jakin baten historia (Bortzirikoa, adibidez).
    -Herri bateko bertsolaritzaren historia (Barañaingoa, Leitzakoa, Baztan…).
    -Nafarroa Garaiko euskalduna (edo eskualde jakin batekoa, Iruñerrikoa, adibidez) bertsozalea da? Zenbateraino? Ze ezaugarri ditu? Ez baldin bada, zergatik?
    -Nafarroako emakume bertsolarien genealogia.
    -Nafarroako jotaren eta bertsolaritzaren arteko harremanak.
    -Nafarroa Garaiko elebakarrek ezagutzen al dute bertsolaritza? Ze neurritan? Zer pentsatzen dute hari buruz?
    -Nafarroako Bertsolari Txapelketaren historia (osoa ala daten artekoa: XX. mendekoa, XXI. mendekoa,…
    …

Deialdi honen bitartez, Nafarroa Garaiko bertsolaritzari buruzko ikerketa eragiteaz gain, ikertzaile gazteak edo hasiberriak lehen urratsak ematen lagundu nahi ditu Bertsozale Elkarteak.

Deialdia eta eskaera orria
Hemen bertan kontsultatu eta deskargatu daitezke proiektu deialdiaren oinarriak, bai eta hautagaitzak aurkezteko eskaera orria ere:

    Proiektu deialdia Nafarroa 2026
    Eskaera orria 2026

Albiste gehiago

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»